Egibil harrobiarendako Unescoren izendapena

Planetaren orri-markatzaile bat Olatzagutian

Guaixe 2015ko abe. 11a, 09:03

Olaztiko markatzailea, marra horia. Argazki txikian Stan Finney eta Manu Aierdi.

Egibil harrobia Lurraren historia geologikoaren “garrantzi bereziko” mugarri izendatu du Unescoren Nazioarteko Geologia Zientzien Batasunak. Horren adierazle gisa urre-koloreko iltzea jarri zuten azaroaren 27an. Egibil harrobiak geologoei Lurraren 4.600 milioi urteetako historiaren 5 milioi urteko tarte bat agerian uzten die.

Egibil harrobitik porlana egiteko marga edo tuparria ateratzen du Cementos Portland Valderrivas enpresak. Harrobiaren ekialdean erabiltzen ez den zati bat dago eta han sartu zuten Unescoren mende dagoen Nazioarteko Geologia Zientzien Batasunak (IUGS) bereizgarria, urre koloreko iltzea, azaroaren 27an. Lur planeta hainbat kapaz osatuta dago eta Olatzagutiako bargako harrobian bi kapen arteko banaketa puntua zehaztu zuten. Geologoendako orri-markatzaile bat jarri zuten. Edo haiek dioten moduan,   
sekzio edo puntu estratotipo orokor edo GSSP modura egiaztatuta gelditu da.

Geologoek Olatzagutiako harrobiko ebakidurari esker, bost milioi urteren iragatea aztertu dezakete, Koniaziar eta Santoniar garaien artekoak hain zuzen ere. Goi Kretazikoko bi maila geologiko dira eta klima, izaki biziak, mineralak, seinale geokimikoak ezberdinak dituzte. Han opatzen diren fosilek balio zientifikoa dute ematen duen informazio guztiagatik, eta ez bildumagintzarako duen balioagatik. Zehaztutako puntuak ez du ez du turismo edo dibulgaziorako interesik.

Ikerlariek eremua behar bezala aztertu ahal izateko Egibilko harrobian gune bat prestatu da. Babes-hesiak, aparkalekua, sartzeko bidea eta azalpen-taulak jarri dira. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Geologia eta Meatzaritzako Institutuak 17.000 bat euro inbertitu dituzte, eta haietatik, 9.950 euro foru administrazioak jarri ditu. Cementos Portland Valderrivasek beharrezko laguntza ere eman du.

Ostiralean urre koloreko iltzea jartzearekin mustu zuten  gunea eta ekitaldian honakoak izan ziren: Manu Aierdi lehendakari ordea; Stan Finney Unescoren Nazioarteko Estratigrafia Batzordeko presidentea; IGMEko zuzendari Jorge Civis, estratotipo hori babesteko betebeharraz hitz egin duena; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Josep Pons, aitorpenerako Olatzagutia proposatu zuen taldeko arduraduna; CSICeko ikertzaile Juan Carlos Gutierrez Marco eta IUGSko idazkari nagusi Jose Pedro Calvo Sorando, Portland Valderrivas zementu-fabrikako zuzendari Jose Antonio Garcia eta zentroko zuzendari fakultatibo Francisco Ruiz.

Ezaugarriak
Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak lurraren bi kapen arteko (Coniaciarra eta Santoniarra) muga Olatzagutiko harrobian jartzean 2012an onartu zuen. Hurrengo urtean IUGSek erabakia berretsi zuen. Planetaren bi kapa horien arte muga edo trantsizioa 30 metro lodierako kareharri tupatsuko maila bat da, 10-20 cm-ko estratuetan banatzen dena. Mugaren ezaugarria da espezie berriak agertzea: bibaldoak (Platyceramus undulatoplicatus), foraminiferoak (Sigalia carpatica, Costellagerina pilula eta Globotruncana linneiana) eta bentonikoak (Neoflabellina gibbera eta N. praecursor). Seinale geokimiko adierazgarriak ere agertzen dira.

 

  Geologia denbora
  Aroa Denbora (milioi urte) Azpi-aroa Sakanan eta inguruan
  Behe Kretazikoa 100,5   Irumugarrieta (Ziordia)
  Goi Kretaziokoa 100,5 - 93,9 Cenomaniarra Eginoko haitzak eta Olaztiko Aldoiarko harrobia
    93,9 - 89,8 Turoniarra Ibar ondoko tuparriak eta hareharri tupatsuak
    89,8 – 86,3 Coniaciarra Ibar ondoko tuparriak eta hareharri tupatsuak
    86,3 – 83,6 Santoniarra Ibar ondoko tuparriak eta hareharri tupatsuak
    83,6 – 72,1 Canpaniarra Barga
    72,1 – 66 Maastrichtiarra Barga
  Paleozenoa 66 – 61,6 Daniarra Urbasako gailurrak
    61,6 – 59,2 Selandiarra Urbasako gailurrak
    59,2 Thanetiarra Urbasako gailurrak