Jaiotza ikusgarriak

Guaixe 2015ko abe. 10a, 17:22

Ilbeltzaren 10era arte Olatzagutiako Sakanako Belenzaleen Egoitzan. Astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara. Domeketan eta jai-egunetan, 13:00etatik 14:30era eta 17:30etik 20:30era.

Sakanako Belenzaleen Elkarteko kideek dozena bat dioramaz osatutako jaiotza erakusketa du ikusgai bere egoitzan. Haietako batek Ziordiko kale batekin antza handia du. Katy Mayor, Javier Beunza, Luis Borrega, Jesus Mari Garmendia, Paco Sanz, Emeterio Galan eta Felipe Orabengoa izan dira jaiotza horiek landu dituztenak. Apiril hasieran hasi ziren 14. erakusketa osatzen duten jaiotzak prestatzen.

Asteartean mustu zen erakusketa eta elkarteko kideek handik Hego Euskal Herriko 3.000 pertsonatik gora pasatzea espero dute. Valentziako eta Madrilgo bisitariak ere hartuko dituzte. Bisitariek aurreko urteko hiru jaiotza ikusiko ditu, baina elkarteko kideek eszenografia aldatu diete, itxura berria eskainiz. Erakusketako aurtengo berritasuna kortxoz eta goroldioz egindako jaiotza bat da. 12 edo 13 urte ziren halako materialekin jaiotzarik egiten ez zutena.

Hain zuzen teknika horretan trebatzeko elkartekideek aditu madrildar batekin ikastaroa eginen dute heldu den urtean. Ohi bezala, porespana lantzeko ikastaroa eskainiko du udaberrian elkarteak eta nahi duten sakandarrek izena emateko aukera izanen dute. Elkarteko kide egiteko aukera, berriz, erakusketan izanen da. Gaur egun 48 dira. Elkartetik Olatzagutiako Udalak emandako laguntza eskertu dute.

Zozketa
Erakusketara doazenek jaiotza baten zozketarako txartelak erosteko aukera izanen dute. Haren bidez, finantzatzen da elkartea.