Agur 2015… KORRIKAN

Guaixe 2015ko abe. 30a, 10:10

37. San Silbestrea jokatuko da Altsasun eta 14. Lasterketa Olatzagutian

Urtearen azkeneko egunean zapatilak jantzi eta 2015. urtea korrikan despedituko dute sakandar askok. San Silbestre lasterketak ate joka daude, eta korrikalariendako akaso probarik herrikoienak eta gustukoenak dira. Sakanan bi proba jokatuko dira: Altsasuko San Silbestreak 37. edizioa beteko du aurten, Nafarroako zaharrena. Olaztiko San Silbestreak, aldiz, 14. edizioa izanen du.

Altsasuko San Silbestrea, Nafarroako zaharrena
Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 36. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba Mario Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez.

Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan
Abenduaren 31n, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Haurren kategoriakoek helduen proban parte hartuko dute, euren kasuan zirkuituari buelta bat emanez (1,5 km) . Ondoren, helduen proba guztia osatu nahi badute, aurrera jarraitu dezakete.

Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 5 km osatuz. Probako lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute, eta lehendabizikoek txapela.

2014an 667 korrikalari
Aurreko urtean 500 korrikalariren erronka nota handiz gainditu zen, 667 korrikalarik parte hartu baitzuten San Silbestrean, 516 proba nagusian eta 151 kategoria txikietan. Hiriberriko Ibai Huarte (14:46) eta Izaskun Beunza (17:19) gailendu ziren. Antolatzaileek aurten ere urtea korrika egiten despeditzera animatu dute. Ea aurreko urteko kopuru horiek mantentzen diren.

Izena emateko: www.dantzalekusakana.com
Izena ematea dohainik da, eta Dantzaleku Sakanak web gunean izena emateko gomendioa egin du. Bestela, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 18:30 arte.

Kategoria ezberdinak Olaztin
San Silbestre lasterketaren 14. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etan, Sutegi elkarteak antolatuta. 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km osatzeko. Proba 18:00etan hasiko da, eta frontoia izango du irteera eta helmuga. Proban izena eman nahi duenak lasterketa aurretik irteeran jarritako mahaitik pasa beharko du, 17:00etatik aurrera.
Giro polita izaten da Olaztiko proban, eta bukaeran sariak eta opariak banatuko dira Aurreko urtean 102 korrikalari lehiatu ziren, 33 proba nagusian, 9 gazteen mailan, 20 kimuetan eta 40 benjaminetan. Helduen proban Raul Audikana eta Sarai Garasa nagusitu ziren.