San Sebastianak, ospatuta

Guaixe 2016ko urt. 21a, 09:08

Elizkizunak eta txokolatea eta auzatea izan ziren protagonistak.

Olaztiko San Migel auzoan dago San Sebastian ermita. Olaztiko ermita bakarra da, Geltoki auzoko Cementoseko San Jose ermita izan ezik. “Baina San Jose ermita aspalditik ez da erabiltzen. Aspaldi, igandetan meza egiten zen bertan, Cementoseko langileak meza entzutera joan zitezen. Orain San Sebastian ermita da dugun bakarra” azaldu digu Lola Ganuzak, San Sebastian ermitako zaindariak.

Lola Ganuzak urte asko daramatza ermitako giltza gordetzen eta ermitaren jarraipena egiten. “Lehen nire amak egiten zuen. Casilda Gonzalez zuen izena eta hain justu 100 urte bete zituen egunean hil egin zen. Adinagatik gehiago ezin zuzenean, ermitaren giltza eta ardura eman zizkidan eta orain arte” gaineratu du Ganuzak. Lolak ermitako giltza gordetzen du, berogailua piztearen ardura du eta beharrezkoa denean ezkila jotzen du. Garbiketa, aldiz, Fermina Vicentek eta Valentxu eta Clarita Lopez ahizpek egiten dute. “San Migel kaleko bizilagunek zaintzen dugu ermita. Oso ermita polita da, ongi zaindua dugu. Duela 35 edo 36 urte eraberritu genuen ermita, oso gaizki zegoelako. Lan guztiak auzolanean egin genituen bizilagunek. Oso ongi konpondu zen, eta ongi zaintzen denez, oso polita dago. Olaztiarrek debozio handia diote San Sebastiani” nabarmendu du Ganuzak.

Hilero, lehen larunbatean, meza egiten dute San Sebastian ermitan. “Arratsaldeko zazpietan izaten da eta jende dezente etortzen da. Hildakoen aldeko meza asko ospatzen dira ermitako elizkizunetan. Baina egun handiena San Sebastian eguna da” gaineratu du Lola Ganuzak.

Urtero moduan, ermita txukun eta polit-polita zegoen atzorako, San Sebastian egunerako. Eguerdian meza nagusia hartu zuen ermitak eta ondoren bizilagunek emandako jakiekin auzateaz gozatu zuten bertan bildutakoek, udalak eskainitako ardo eta freskagarriez lagunduta. Arratsaldean, 17:00etan, errosarioa errezatzera bildu ziren Olaztiko fededunak ermitan, eta ondoren txokolate jatea izan zen, udalak eskainia. Ospakizunak frontoira egin zuen salto ondoren. Ardoa eta gazta banatu zuen udalak, eta trikitilariek eta pandero joleek animatu zuten giroa.