Sei tabernek elkartea sortu dute

Guaixe 2016ko urt. 22a, 11:56
Olaztiarrak terrazetan eta kalean, festetako aurreneko egunean.

Infernuko erreka elkarteak logotipo lehiaketa antolatu du.

“Gauza oso txarki dago. Astegunetan oso gutxi ateratzen da. Ia pixka bat mugitzen den eta jendea ateratzen hasten den”. Horregatik sortu dute Olatzagutiako sei tabernek Infernuko erreka elkartea. Hala azaldu digu Clinker tabernako Patxi Aldaz Zufiaurrek. Harekin batera elkartean Erburua, Barandi, Aixeleku, Bujanda eta Agedi taberna eta kafetegiak daude. Duela bi hilabete inguru sortu zuten elkartea eta Olatzagutiako toponimiara jo dute elkartearendako izena hartzeko. Elkartekideak lanean “gogoz” hasi dira.

Elkarrekin hainbat ekimen aurrera eraman nahi dituzte. Ostiralero pintxo-potea eskaintzen dute Infernuko erreka elkarteko tabernek. Eta bi hilero, hilabeteko azken ostiraleko pintxo-potea berezia izanen da. “Egun horietan taberna guztien artean zozketa bat eginen dugu eta bezeroen artean saria banatuko dugu”. Aurreneko zozketa otsaila akaberan izanen da.

Logotipo lehiaketa
Elkarteko tabernen irudia izanen dena aukeratzeko Infernuko errekako kideek logotipo lehiaketa antolatu dute. Berau elkartearen informazioaren zabalkunderako kartel eta bestelakoetan erabiliko dute. Logotipoan ezinbestean elkartearen izena agertu beharko da: Infernuko erreka.

Lehiaketan edozeinek parte har dezake, baina gehienez bi proposamen aurkez ditzake. Diseinuak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira proposamenak. Gutun-azalaren barruan egon beharko dute: logotipoa A4 tamainara eta kolorez inprimatua edota .JPG formatuan proposamena duen CD-Rom-a eta egilearen datuak dituen gutun-azala. Guztiek izentxikia dutela. Lanak elkarteko sei tabernetakoren batean aurkeztu beharko dira otsailaren 15erako. Tabernariak beraiek izanen dira epaileak. Olatzagutiako establezimenduetan gastatzeko 120 euroko sari bakarra izanen da.