Eskailera berriak egiten

Guaixe 2016ko urt. 24a, 13:22

Eskailerak berritu bitartean eskubiko xendatik egin daitezke joan-etorriak.

Inguraketa kaletik Erburua kiroldegiko tabernara eta Otadia kalera eramaten duten eskailerak berritzeko lanak egiten ari dira egun hauetan. Aurretik zeuden eskailerak gaizki zeuden eta udalak guztiz berritzea erabaki zuen. Lanak iraun bitartean kaskailuz egindako arranpa batetatik egin daiteke gora eta behera.

Construcciones Noveleta enpresa ari da lan horiek egiten. Bestalde, Inguraketa kalean, Portuko eta Kale kaleen artean, espaloia eta sareak egiteko lanak despeditu berri ditu. Kiroldegiko lanagatik 26.800 euro jasoko ditu eta espaloiarenagatik 24.200; guztira 51.000 euro.

Hirugarren urtez, 2015ean, Olatzagutiako Udalak kaleetako arkitektura-oztopoak kentzeko lanak egin ditu. San Ignazio kalean zeuden espaloietan beheratzeak egin dira eta ez zegoen tokian espaloia egin dute. Lan horiek eta beste batzuk egiteko udalak joan den urtean bi langabe, kisusgilea eta peoia, sei hilabete eta erdiz kontratatu zituen. Kontrataziorako udalak 32.500 euro jarri zituen eta Nafarroako Gobernuaren 17.500 euroko laguntza jaso zuen. 50.000 euro guztira bideratu ziren kontratazioetara.