Barre-terapia Pepe Viyuelarekin

Guaixe 2016ko urt. 22a, 15:03

Demagun, irakurle, eszenatoki batean harrapatuta gelditzen zarela. Eszenan sartzen zarenean ez dakizula non ari zaren sartzen. Ziria sartu dizute: bidea hori dela esanda sartu zara. Eta irakurle, bat-batean, parez pare publikoa atzematen duzu. Badirudi zerbait eskatzen ari zaizula. Zuk, irakurle, ez duzu antzeztu nahi. Irteera bilatzen ahalegintzen zara, alferrik. Zera ikusezin batek eszenatik ihes egitea galarazten dizu irakurle. Benetako itxialdia.

Abiapuntu hori du Pepe Viyuelaren Encerrona obrak, pailazoaren ikuspegitik egunerokotasunari buruzko hausnarketa egiten duena. Viyuela “arriskuaren aurrean bakarrik” egonen da, “matxinatu” egiten zaizkion elementuen kontra “borrokatuz”. Viyuelak eszenan maleta bat, gitarra bat eta bere funda, aulki tolesgarri bat eta eskailera bat izanen ditu lagun bakarrak. Sortzailearen aspaldiko jarraitzaileek eta telebistako aktore gisa ezagutu dutenek Viyuelaren klasikoekin barre egiteko aukera aparta izanen dute.