Atzo afaltzera elkartuz hasi zituzten aurtengo kinto ospakizunak Olatzagutian. 11 kinto dira, 2 mutil eta 9 neska: Iban Imaz, Markel Galbete, Irantzu Imaz, Lorena Lopez de Goikoetxea, Leire Vilariño, Maider Vilariño, Naroa Gurmindo, Amaia Zubikoa, Jessica Aristu, Alba Marin eta Cristina Lucero.
Lehen elkartze horren ondoren, gaur goizean, herrian barna eta txaranga lagun dutela, dirua eskatzen ibili dira kintoak. Hamaiketakoaren ondoren, eskola ere bisitatu dute. Lanak despedituta, bazkaltzera eseri dira eta ospakizunak afariarekin segituko du. Atzo herriaren tokiren batean eskatzera iritsi ez baziren, lan hori bihar, ostiralean, despedituko dute. Gainera, goizean, meza eta gero, herriko medikuari, apezari, gazteenari eta adinduari opil bana banatuko dizkiote. Azken bi horiek Imanol Arregi eta Jacinto Perez Lezea dira. Bazkaria eta afariarekin borobilduko dute gaurko ospakizunak.
Olatzagutiko kintada guztiak bihar festarako hitzordua dute. Kintoak 11:00etarako txarangarekin herrian barna ibiliko dira eta eguerdia pasata talde argazkia aterako dute. Eta haiekin aurten 45 urte eta 60 urte betetzen duten kintadek ere. Eguerdiko poteoaren ondoren bazkaltzera eseriko dira. Arratsaldean plazan dantzarako aukera izanen dute guztiek, 19:00etatik 23:00etara, Drindots taldearekin San Miguel plazan dantzatzeko aukera izanen da; eguraldi txarra eginez gero frontoira lekualdatuko da. 20:00etan, bestalde, gaztetxean Eingo al deu taldearekin erromeria izanen da.
Domekan, kintoak bazkaltzera elkartuko dira. Arratsaldean, txaranga lagun, musika doinuak herrian barna zabalduko dituzte, afaltzeko garaira arte. Kinto olaztiarrek astelehenean despedituko dituzte euren ospakizunak, afaria eta parranda eginez.