2016ko inauteriak Sakanan

Mari Arrokaren eta zamarroen bisitak

Guaixe 2016ko ots. 12a, 11:34

Asteartean haurren inauteria ospatu ondoren, olaztiarrek Mari Arrokari harrera eginen diote gaur. Diotenez, Mari Arroka mendi batetik bestera suzko igitai baten gainean hegaz joaten zen. Gaur zamarroek tiratutako gurdi gainean irudikatuko dute. Mari Arroka eskutan suzko igitaia duela kalez kale ibiliko da eta plazara iristean ihoteei ongi etorri eginen die. Hala, zamarhandiak eta zamartxikiak bihar iluntzean kalez kale ibiltzeko aukera izanen dute. Haiekin batera, ihote segizioa alkate jaun-andreek, auntzaiak, apaizak eta medikuak osatuko dute. Garai batean mutilek etxez etxe eskatzen zuten zekalea udaletxera eraman eta saldu ondoren horiei ordaintzeko.

Berritasuna
Hiri inauterien barruan udalak aurreneko gurdi lehiaketa antolatu du. 14 urtetik gorako koadrilek parte hartu ahalko dute. Gaia librea da. Gurdia orijinala eta beste inoiz parte hartu gabea izan beharko da. Parte-hartzaileek beraiek egindako gurdiak izan beharko dute. Egunean bertan eman beharko da izena, gurdiaren izen txikiarekin batera. Epaimahaia bi zinegotzik eta Kultura Batzordeko kide batek osatuko dute. 200 eta 100 euroko bi sari banatuko dituzte.

Egitaraua
Otsailak 12, ostirala
19:00etan Mari Arrokarri ongi etorria girotzeko mozorratzea, gaztetxean.
20:00etan Mari Arrokari ongi etorria, gaztetxe ondoan.
21:00etan Auztaea, parte-hartzaileendako gaztetxean.

Otsailak 13, larunbata
11:00etan Puska-biltzea, gaztetxetik, kalejiran. Jasotakoa herriko elikagaien bankuari eta Paris 365eri emanen diete.
14:30ean Bazkaria, gaztetxean.  
18:30ean Herri ihoteak, areto futboleko zelaitik abiatuta. Akaberan, zortzikoa, plazan.

Otsailak 20, larunbata
12:00etan Gurdi lehiaketako izen ematea, areto futboleko pistan. Ondoren, ihote gurdien irteera.  
14:30ean Herri bazkaria, frontoian.
16:00etatik 19:00etara Los Pasai txaranga.
19:00etatik 23:00etara Dantzaldia Nemux diskorekin.  
20:00etan Karrozen lehiaketako sari banaketa, dantzaldian.