Olazti, Nafarroako irristalarien bilgune

Guaixe 2016ko ots. 26a, 13:55

Bihar, larunbatean, Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako 4. Indoor proba hartuko du Olaztiko kiroldegiak, 10:00etan

Abian dira Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako Indoor probak. Dagoeneko 3 Indoor proba jokatu dira, eta bihar, larunbatean, laugarrena jokatuko da, Olaztiko Erburua kiroldegian. Sakana Irristaketa Taldeak edo Patin Sakana Irristaketa taldeak antolatuko du proba, Nafarroako Irristaketa Federazioaren laguntzarekin eta hainbat babesleren babesarekin.

Aurreko urtean ere aipatu txapelketako jardunaldia hartu zuen Olaztik eta 300 irristalari inguru bildu ziren. Ekitaldi arrakastatsua izan zen, Sakana Irristaketa Taldeak antolakuntza bikaina egin zuelako, ikusle ugari bertaratu zirelako eta guztia ongi atera zelako. Esperientzia positibo hori aintzat hartuta, aurten ere Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketa Olaztira ekartzeko apustua egin du Patin Sakana Irristaketa taldeak. Ez da erreza halako probak Sakanara ekartzea, eta horregatik irristaketa sustatu eta bertara gerturatzera gonbidatu du taldeak, irristaketarekin gozatzeko.

Goizeko 10:00etan Txikien Ligako probak abiatuko dira –miniak, aurrebenjaminak, benjaminak eta kimuak– eta 12:00etatik aurrera Helduen Ligakoak –haurrak, jubenilak, juniorrak eta seniorrak–. Azken hauek tartean amerikar erreleboak egin beharko dituzte. Sakana Irristaketa Taldekoak ere bertan lehiatuko dira.