280 irristalari Olaztin

Guaixe 2016ko mar. 1a, 14:39

Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako 4. Indoor proban parte hartu zuten

Larunbaterako zegoen iragarria Nafarroako Abiadura Irristaketa Txapelketako 4. Indoor proba, Olaztin. Nafarroa guztiko 300 irristalari inguru espero ziren. Elurtuta esnatu zen Olazti, baina horrek ez zituen irristalariak kikildu eta gehienak, 280 inguru, hurbildu ziren Erburua kiroldegira. Goizeko 10:00etan Txikien Ligako probak abiatu ziren –miniak, aurrebenjaminak, benjaminak eta kimuak–, eta eguerditik aurrera helduen ligakoak –haurrak, jubenilak, juniorrak eta seniorrak–. Jakina, Sakana Irristaketa Taldeko irristalariak bertan lehiatu ziren.

Sakana Irristaketa Taldeko arduradun Juli Acebesek adierazi digunez “txapelketa bikain atera zen. Irristalariak Erburuako pistan gustura aritu ziren eta kontentu geratu ziren antolakuntzarekin”. Antolakuntza lanetan, jakina, Sakana Irristaketa Taldeko kideak eta haien senitartekoak aritu ziren. Besteak beste, irristalari guztiendako hamaiketakoa prestatu zuten.

Sakana Irristaketa Taldekoek talde argazkia atera zuten probaren atsedenaldian. “Emozionatuta eta urduri zeuden etxean aritzeagatik, eta ongi aritu ziren. Kategoria guztietan izan genituen ordezkariak eta lehenengo postuetan ere sailkatu ziren gure irristalari batzuk. Ongi joan zen guztia” nabarmendu du Acebesek.