Hausnarketa flamenko erritmoan

Guaixe 2016ko mar. 4a, 13:20

Larunbatean, 20:00etan, Olatzagutiako kultur etxean.

Inmaculada Perez Quiros, Inma la Bruja, aktorea eta flamenkoa batetik. Eta Pedro Barragan, Misisipi, gitarra-jolea, bestetik. Horiek dira Olatzagutiko kultur etxean Dando el cante ikuskizuna eskainiko dutenak. Ibilbide luzea duen ikuskizun horren bigarren bertsioa da ikusgai izanen dena. Antzezlea? Kantaora? Umoregilea? Antzezlana? Flamenko errezitaldia? Kabareta? Bakarrizketa? Musikala? Horiek guztiak eta gehiago ikuskizun bakar, ezberdin eta benetako batean jasoak.

Inprobisaziotik sortutako ikuskizuna da Olatzagutian emanen dutena. “Ikuslea gehien ukitzen zuten uneak jaso eta, baita ikusleei galdetuz ere osatuta. Bere kabuz sortu den ikuskizuna da. Egi askorekin lan egiten dugu, horregatik askotariko publikora iristen gara”. Denondako ezagunak diren egoerak surrealismoz eta ironiaz ematen dituzte. Cantea eta herri hizkera hausnarketak zabaltzeko. Sortzaileek ikuskizunaren bidez ikusleak hausnarketa gozoa egitera gonbidatu nahi dute.

Ikuskizunak flamenkoaren erritmoa du eta haren ahozko tradiziotik edaten du eta antzerkiaren adierazpidearekin aberasten da. Inma la Brujarekin batera Barraganen gitarra ikuskizuneko protagonista bat da. Barraganen beraren eta herrikoiak diren doinuak emanez. Haren doinura,  erritmo arineko ikuskizuna sortuko da. Argi jokoen bidez antzerki giroa lortzen da, publikoarekin komunikatzeko egokiak.