Feminismoa ez da matxismoaren kontrakoa, ezberdintasunaren antidoto onena baizik. Orain inoiz baino beharrezkoagoa. Lelo hori du Emakumeen Eguna dela eta Olatzagutian antolatutako egitaraua. Hura bi hitzaldik despedituko dute. June Fernandez, Pikara web aldizkariko zuzendari eta sortzaileetako bat, gaur Olatzagutian izanen da. Vienen a violar a nuestras mujeres: desmontando los discursos xenófobos sobre violencia sexual izenburuko hitzaldia eskainiko du, 19:30ean, kultur etxean.
Toki berean, eta ordu berean, baina heldu den asteartean, Itziar Ziga idazleak Malditas, una estirpe transfeminista liburua aurkeztuko du. Kontakizun ofizialetatik kanpo gelditutako zortzi emakumeren historiak jaso ditu Zigak: Valerie Solanas, Sojourner Truth, Sylvia Rivera, Louise Michel, Annie Sprinkle, Olympe de Gouges, Kathleen Hanna eta Laura Bugalhoren historiak hain zuzen ere. Zigak esan duenez, “ez da feminismoaren bertze historia bat, bertze historia batzuk baizik”. Gaur egun bizi duen feminismoari egin dizkieten ekarpenak atera nahi izan ditu argitara.