Infernuerreka elkarteak badu logoa

Guaixe 2016ko mar. 25a, 11:05

Gaur, hileko azken ostirala denez, herriko tabernetan pintxo bereziak dastatzeko eta saria lortzeko aukera izanen da.

Olatzagutiako sei taberna eta kafetegi batzen ditu Infernuerreka elkarteak: Clinker, Erburua, Barandi, Aixeleku, Bujanda eta Agedi. Elkarteak antolatutako ekitaldien berri emateko irudi identifikatzaile bat nahi zuten eta, horregatik, logotipo lehiaketa antolatu zuten. Laura Imazen proposamena aukeratu dute. Sortzaile olaztiarrak herriko dendetan gastatzeko 120 euroko saria eskuratu zuen.

Herriko ostalaritzari bulkada eman asmoz elkartu dira sei tabernak. Bezeroei ostiralero pintxo potea eskaintzen diete. Baina hileko azken ostiralekoa Infernuerreka poteoa da eta taberna bakoitzak pintxo berezi bat egiten du. Gaurkoak txerrikia izanen du oinarri. Tamaina txikiko gutiziak dastatzen dituztenek  txartel bat jasoko dute. Txarteletan sei tabernen zigiluak biltzen dituztenek tabernetan kontsumitzeko 20 euroko sari baten zozketan sartuko dira. Martxoan Clinkerrek emanen du saria. Otsailaren 26an abiatu zuten ekimena eta Olatzagutiako tabernetan giro paregabea egon zela azaldu digute. Infernupoteoan parte hartzera animatu dituzte olaztiarrak.

Erlazionatuak