Rallya bertan bera uzteagatik beste iritzi bat

Guaixe 2016ko mar. 24a, 10:31

Olatzagutia eta Altsasu artean martxoaren 19 eta 20rako antolatutako rallyak iritzi trukea sortu du sare sozialetan eta herritarren artean. Probako antolatzailea den Sakana Motorsport taldeari erantzunez, idatzia zabaldu dute Olatzagutian.

Lehenik, sare sozialetan eta zenbait olaztiarren artean “bi herritar” Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren arduradun egin dituztela azaltzen du. Idatzian “saiakera horrekoso etikoa” ez dirudiela adierazten da. Jokabide horrekin zer bilatzen den galdetzen du, “jende askori proba astakeria iruditzen zaio eta, horrela, haien ahotsak isildu nahi dituzte?” Hala ere, “herriko dermioan proba bat baimentzeko edo ez, bi olaztiarrek halako ahalmena izatea sinesgaitza da”. Departamentutik jakinarazi digutenez, ez dute proba debekatzeko eskaerarik jaso.

Idatziaren egileek antolatzaileen eta zaleen “frustrazioa” ulergarria dela diote. “Baina zerbaitek kalte egin badie antolatzaileek izandako presa izan da, ez baitu baimenak eskutan izan arte itxaron. Antolakuntzak, uneoro, proba arazorik gabe egin zitekeela uste izan du”. Bestetik, idatzian basoa guztiena dela eta hura zaintzea guztien ardura dela nabarmentzen da. “Arbasoek zaindu zuten moduan zaindu behar da, etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz. Baina halako lasterketa bat ez doa norabide horretan”. Nafarroako Gobernuaz aparte “natura babestearen alde lan egiten duten Gurelur eta Lurra erakundeak halako probarik ez egiteko aholkatu” dutela azpimarratzen da idatzian. Etorkizunean egoera ez errepikatzeko “ahalik eta kontsentsu handiena” bilatzeko eskaera eginez despeditzen da idatzia.