Herri dantzen tailerra Olatzagutian

Guaixe 2016ko api. 8a, 09:53

Apirilaren 14ra arte eman daiteke izena udaletxean, 10:00etatik 14:00etara.

Olatzagutiako Udaleko Kultura Sailak jota, arin-arina eta porrusalda herri dantzak ikasteko tailerrak antolatu ditu. Bi hain zuzen. Eta bien helburua hainbat belaunaldietako olaztiarrek dantza horiek ikastea da. Lehen taldea 7 eta 11 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago (2005 eta 2009 urteen artean jaioak, biak barne). Haurrek, beharko eta, pertsona heldu batekin izena eman behar dute eta biek joan beharko dute dantza tailerrera. Bikoteak 25 euroko matrikula ordaindu beharko du. Bi haur eta heldu bat badoaz, 35. Bigarren taldean 12 urtetik gora duten eta interesa duten olaztiar guztiek eman dezakete izena (15 euroko matrikula).

Tailerra larunbatetan emanen da, zazpi saiotan: apirilaren 16an, 23an eta 30ean eta maiatzaren 7an, 14an, 21ean eta 28an. Sutegiko gimnasioak hartuko du herri dantzen tailerra, 16:30etik 18:30era. Tailerrak aurrera egiteko gutxienez dozena batek eman beharko dute izena eta gehienez, 26k. Olaztin erroldatutakoek izanen dute lehentasuna. Tarifak ordaintzetik salbuetsirik egonen dira diruz urri dabiltzala frogatzen dutenak; aldez aurretik espresuki eskari egin beharko diote udalari, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandako txostena baliatuta.