UPNko Alvarez zinegotziak dimititu eginen du

Guaixe 2016ko api. 12a, 11:54

Udalean inolako jakinarazpenik ez badute ere, Diario de Navarrak gaur argitaratu duenez, Oscar Alvarez Peon zinegotzi erregionalistak hilabete akaberan dimisioa emanen du. Alvarez aurreko legegintzaldian PPko zinegotzia izan zen Olatzagutian eta legegintzaldi honetan UPNk dituen bi zinegotzietako bat da, bestea Javier Fernandez Brizuela da, Juan Jose Galartza Aldabek dimititu ondoren. Dimisioa gauzatuko balitz, UPNko antolakuntza idazkari Jorge Esparza Garrido litzateke Alvarezen ordezkoa.

Alvarezek Diario de Navarrari adierazi dionez, justiziak huts egin dionaren sentipenarekin utziko du kargua. Udaletxean batzar gelan GALek hildako Angel Gurmindoren, Steinen, argazkia dagoelako eta herrian hari eskainitako kalea dagoelako Guardia Civilaren aurrean salaketa aurkeztu zuen Alvarezek duela hiru urte. Zinegotziak egunkariari adierazi dionez, “ezin dut zinegotzi izaten segitu  etarra baten argazkia bizkarrean dudanean. Biktimak umiliatzea dela uste dut”. ETAk mehatxatutako pertsonen bizkartzaina izan zen Alvarez.

UPNko zinegotzia egunkarian kexu da zaintza planaren doikuntzaren ondorioz bizkartzaina kendu ziotelako joan den urteko garilean. “Bizkartzaina izateak edo ez, eguneroko bizitza baldintzatzen du”. Eta zehaztu du plenoetara Guardia Civileko agenteez lagunduta joaten dela.