Udalak 1,91 milioi euroko aurrekontua du

Guaixe 2016ko api. 15a, 08:47

Joan den urtean arranpa egin zuten, arkitektura-oztopoak kentzeko.

Olatzagutiako Udalak 1.916.370 euroko aurrekontua izanen du aurten, joan den urtean baino % 0,57 txikiagoa. Hala onartu zuen udalbatzak ostegunean. Zerbitzuak mantendu eta lanpostuak sortzeko irizpideak izan dituzte kontuan aurrekontua egiterakoan, Gurutze Rodriguez alkateak esan digunez. Kopuru horren barruan musika eskola (36.400 euro) eta Erburua Olazti enpresa publikoa daude (175.400 euro). Azken horretara, udalak aurten 120.000 euro bideratzea aurreikusi du.

Langabezian dauden sei pertsona kontratatuko ditu Olatzagutiako Udalak: obra eta zerbitzuetako brigada indartzeko hiru peoi, herriko kaleetan hainbat lan egiteko igeltsero eta eraikuntza alorreko ofizial eta peoi bana eta bukatzeko, basolanetan aritzeko peoi bat. Kontratazio horiek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin finantzatuko dira. Horietaz aparte, Udan Euskaraz kanpainarako eta igerilekuak kudeatzeko kontratazioak ere aurreikusi ditu udalak.

Inbertsioak
Olatzagutiako Udalak inbertsioetara 210.090 euro bideratuko ditu. Haietatik 194.090 bere poltsatik aterako dira eta gainontzeko 16.000 euroak  Nafarroako Gobernuak basolanetarako emandako diru laguntzatik. Kaleetan dauden arkitektura-oztopoak kentzeko lanen 4. fasea eginen da aurten. Halako oztopoak eskola publikotik kentzen bukatuko dute. Horretarako, aulki igogailu bat jarriko du udalak eta patiotik areto-futbol pistarako bidea egokituko dute. Gazte txokoa egiteko eskatuz guraso talde batek sinadura bilketa egin zuela eta udalean dauden aukerak aztertuko dituztela azaldu digu alkateak.

Aurrekontuan, berritasun moduan, memoria historikoa berreskuratzeko jardueretarako kontu-sail bat onartu da (3.500). Rodriguezek aurreratu du gai horren inguruan ekitaldiren bat izanen dela. Udala, bestalde, Enneco, haritzaren memoria egitasmorako laguntza emanen du. Alkateak, azkenik, jakinarazi digu joan den urteko azken hilabeteetan udalak bere hornitzaileei, batez beste, 19 eguneko epean ordaindu ziela. Legeak administrazioei 30 eguneko epea ezartzen die.

www.olazti.com
Web orrian aurrekontua kontsultatu daiteke.

Inbertsioak  
Festak 75000
Baso lanak 65000
Kale konponketak 60000
Kultur jarduerak 45000
Makineria eta tresneria berria 30000
Argiteria publikoa 31000
Kirol jarduerei laguntza 17000
Harrobietako leherketen neurketa 15000
Bideak berritzea 10000
Hobekuntzak eskolan 10000
Hobekuntzak kultur etxean 10000
Hobekuntzak udaletxean 10000
Liburutegirako funtsak 3000
Ordenagailuak erostea 3000
Autokarabanendako gunea 3000
Udal web orria berritzea 2060
Hiri altzariak 2000
Langileen kontrol sistemak 1130
Ludotekarako ekipamendua 900