Nafarroan 3000 pertsona baino gehiago hil zituzten 1936ko estatu kolpearen ondoren. Olatzagutian sarraskia nabarmena izan zen, 17 pertsona hil zituzten, Nafarroan eraildako beste guztien kasuan bezala herritarren zerbitzura zegoen estatu baten zilegitasuna defendatzeagatik hil zituzten. Beste bost frontean hil ziren, gutxienez 27 olaztiar espetxeratuak izan ziren eta batzuk lan zelaietan behargin moduan bidali zituzten, 11 emakumeri ilea moztu zieten eta publikoki umiliatu zituzten, bost funtzionariok lanpostua galdu zuten, 10 herritarri ondasunak kendu zizkieten, eta bi errefuxiatu egin ziren.
Francok 1936. urtean emandako estatu kolpearen 80. urteurrena betetzen da aurten. Hamarkada hauetan guztietan sufritutako mina isilarazi zaie frankismoaren biktimei, baina memoria ez dute ahantzi olaztiarrek. Egia eta aitortza ozen zabaldu zuten lau haizetara larunbatean. Olazti Memoria Taldeak, eta Olatzagutiako Udalak memoria historikoaren inguruko ekitaldia antolatu zuten. Olaztiko Udalak bilkura berezia egin zuen herriko kultur etxean, bertan, kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresaliatutakoei aitortza eta erreparazio morala aurkeztu zien mozio bat sinatuz. Biktima guztien izenak irakurri zituzten bilkuran. EH Bildu alderdiko zinegotzi eta alkatea eta PSNko zinegotziak izan ziren mozioko sinatzaileak. UPN alderdiko zinegotziak ez zuen mozioa sinatu eta ez zen omenaldian egon. Kultur etxea jendez bete zen, olaztiarrak, baita fusilatuen senideak bertan izan ziren.
Bilkura bukatu ondoren, Sutegi parkean omenaldi berezia egin zuten. Kolpe militarrak utzitako biktima guztiak oroituko dituen oroigarria jarri zuten parkean, eta senideek lore eskaintza egin zuten. Inoiz gertatu behar ez zena ahaztu ez dadin, hemendik aurrera Sutegi parkea, Memoria Historikoaren Parkea izendatu zuten.
Olazti Memoria taldea
Olaztiko Memoria taldea joan den urte bukaeran sortu zen. Taldeko kide batzuk Sartagudara joan ziren Olatzagutiako informazio bila, han jakin zuten herrian 17 hildako zituztela. Hasiera batean jendeak ez zuen hitz egin nahi, eta pixkanaka-pixkanaka informazioa bilduz joan ziren, udalarekin elkarlanean. Taldearen asmo nagusia zer gertatu zen jakitea da, horretarako izen bilketa egin dute, testigantzak jaso eta, horren ondorioz, zerrenda luzea egin dute. Oraindik ere gauza asko falta direla uste dute, eta jendea parte hartzera animatu dute.
Inflexio puntu bat izan zen omenaldia taldekoendako eta hemendik aurrera lanean jarraitzeko asmoarekin daude. Lekuko gehienak oso jende heldua dira, eta beharrezkoa ikusten dute egiten ari diren lana.
Udalaren mozioa
33/2013 Foru Legean jasotakoari jarraituz, Olatzagutiako Udalak memoria historikora aurreneko hurbilpena egin nahi izan du mozio eta omenaldi honen bidez. “Inoiz gertatu behar ez zena, berriz gerta ez dadin eta inork ahaztu ez dezan” horixe adierazi zuten Udaleko bozeramaileek. Gertatutakoaren ezagutzari beldurrik ez izatea nabarmendu zuten, eta erreparazioari aipamen berezia egin zioten.