Golden Apple Quartet azken ikuskizunarekin bisitan

Guaixe 2016ko mai. 13a, 11:42

Domekan, 19:00etan, Olatzagutiako kultur etxean.

Golden Apple Quartet laukoteak irailean mustu zuen Mundo intrépido azken ikuskizuna ekarriko du Olatzagutiara. Baita berezkoa duten umorea eta musika. Telebistetan ohikoak diren naturari buruzko dokumentalen itxura du ikuskizun berriak. Probintzietako musikariei buruzko telebista dokumentala aitzakiatzat hartuta, denetariko doinu eta kantuak ekarriko dituzte lau abeslariek: rock, opera, txantxa, swing, flamenko… Antzezpena eta dantzarekin osatzen du laukoak ikuskizuna.

Musika lagun, Golden Apple Quartet laukoteak munduan barna bidaiatzeko proposamena egiten die ikusleei, euren esanetan: “Afrika basatia eta misteriotsuraino helduko gara; antzinako Txinan izanen gara; Italia erromantikoan murgilduko gara eta ilargia zapatuko dugu. Gurekin bizi diren baina apenas ezagutzen ditugun animalia-espezie bateko lau lagun dira protagonistak. Lehorte gogorrari aurre egiteko agertoki berrien bila ari dira”.
Taldeak 30 urte egiten ditu aurten eta bitarte horretan euren lanaren aitortza han eta hemen jaso dute Loyola Garmendiak, Eduardo Errodonsorok, Manuel Romanok eta Kike Otxoak. Azken horiek, ordea, laukotea utzi eta Mikel Urrezti ariko da bere partez.