Sutegi egunean bikain

Guaixe 2016ko mai. 25a, 10:09

Sutegikoek gaixorik dagoen Mitxel izan zuten gogoan eta animurik handienak bidali zizkioten.

Gimnasia, irristaketa, pilota eta futbol erakustaldia egin zituzten

Larunbatean Sutegi klubak bere eguna ospatu zuen Olaztin. Sutegik hainbat kirol talde ditu: irristaketa, futbola, pilota, gimnasia… Ikasturte bukaera gertu dagoen honetan, festa polita antolatu zuten larunbat arratsaldean.
Lehenik eta behin Olaztiko neskek zumba erakusketa egin zuten. Ondoren, Sutegiko taldeak hasi ziren lanean. Gimnasia erakustaldia egin zuten gimnasia taldeko 4 olaztiarrek Sutegi Irristaketa taldekoen erakustaldia etorri zen ondoren. 73 neska-mutikok hartzen dute parte bertan eta lasterketak egiteaz gain, trebezia eta sinkronizazio erakustaldia egin zuten. Bestalde, Sutegi taldeak 24 pilotari ditu. Larunbatean erakustaldi moduan 2 partida eskaini zituzten, 6 urteko mutilek buruz-burukoa eta 9-10 urtekoek binakakoa. Eta azkenik, Sutegi futboleko taldean 43 neska-mutil dabiltza bertan. Guztiak nahastuz 6 talde osatu zituzten larunbatean, eta 8 minutuko 3 partida jokatu zituzten. Une hunkigarria bizi zen futboleko haurrek gaixorik dagoen Mitxel Agirre olaztiarra omendu zutenean.
Bukatzeko, Osasunako jokalari guztiek sinatutako kamiseta eta Aitor Zubieta pilotariak sinatutako kamiseta zozketatu ziren eta auzate ederra izan zen. Eguna prestatzeko Olaztiko Udalaren, Osauna taldearen, Aspe pilota enpresaren, BM Altsasuren eta Quesos La Vasco Navarraren laguntza izan zuen Sutegik.