Emakumeendako mendi ibilaldia Urbasan barna

Guaixe 2016ko eka. 24a, 10:45

Emakumearen Egunean afaltzera bildu ziren emakume olaztiarrak. Bihar mendira joateko gonbitea dute.

Bihar, larunbatean, goizeko 9:00etan Olaztiko San Migel plazatik edo 10:00etan Morterutxoko parkinetik

Olaztiko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak emakumeendako mendi ibilaldi zoragarria antolatu du biharko, larunbaterako, Urbasan barna. Zehazki, emakumeen IV. Mendi martxa izanen da. Ibilbidea Olaztitik hasi nahi dutenendako hitzordua goizeko 9:00etan jarri dute, San Migel plazan. Bertatik abiatuta, portu zaharretik barna Otsoportilloko gurutzea baino lehen dagoen Morterutxora (890 m) oinez joango dira. Aldiz, ibilbidea Urbasan hasi nahi dutenek, autoa Morterutxoko parkinean utzi eta bertan bilduko dira Olaztitik oinez abiatu direnekin, goizeko 10:00etan. Ondoren, guztiak elkarrekin Santa Marina baselizara (1.068 m) joatea da asmoa, eta handik San Adrian baselizara (1.144 m) iristea. Bertan bazkalduko dute eta ondoren buelta hartuko dute, Olaztiraino.

Asmoa emakumeak egun pasa polita egitea da, ibilaldia elkarrekin eginez eta mendiaz gozatuz. Norberak bere bazkaria eraman beharko du eta antolakuntzak pastak eta kafea eramango ditu. Sei ordu pasatxoko ibilbidea da, Olaztitik atereaz gero, eta bost ordu eta erdikoa, Olaztitik atereaz gero.

Antolatzaileek mendiko botak jantzi eta egun bikainaz gozatzera animatu dituzte emakumeak.