Gaia eta kultura fusio musikatua

Guaixe 2016ko eka. 24a, 13:10

Gaur, 20:00etan, Olatzagutiko Sarasate plazan.

Ardanfusion taldea da hainbat gai eta kultura fusionatuz euren musika estiloa sortzen duena. Montse Zabalzak (ahotsa), Francisco Herrerok (biolina eta biola), Txema Garcesek (kontrabaxua) eta Joseba Loinazek (teklatua) osatzen dute taldea. Eurena errepertorio anitza da, tinbre harmonikoak eta erregistro akustikoak uztartzen dituena. Haiek sortutako konposizioekin batera, beste sortzaile batzuen lanak ere moldatzen dituzte. Hala, Brel, Leonard Cohen, Mikel Errazkin, Imanol eta beste hainbat egileren doinuak biolin, kontrabaxu eta teklatu moldaketa landuekin eskainiko dituzte.

Musikarekin batera, hitzak ere garrantzia izanen du. Japoniar jatorria dituzten haikuak, garai batekoak eta gaur egungoak, entzuteko aukera izanen da. Horiekin batera, Mikel Arregi, Lorca eta beste hainbat idazleren testuen errezitaldiak eginen dituzte.

Kultur programa

Nafarroako Gobernuak antolatutako emanaldia da Olatzagutiko gaurkoa. Kultur programak udarako  eskaintza osatuak eskaini nahi ditu. Hala, emanaldi bakoitzarekin batera jarduera osagarriak izanen dira. Olatzagutiko kasuan, bi dira proposatzen diren jarduerak. Batetik, Arruazun dagoen Albi gaztandegira bisita gidatua. 11:00etan izanen da. 681 083 409 telefonoan eman behar da izena. 20 pertsonako taldea sortuko da gehienez. Izen emateak 6 euro balio du helduendako eta 4 haurrendako.

Bigarren jarduera osagarria Urbasako Baso Sorgindura bisita izanen da, 15:00etan abiatuko dena natur parkeko informazio gunetik. 15 pertsonarendako tokia dago. Interesatuek 608 560 369 telefonora edo info@mirua.com e-postara jo behar dute izena emateko. Ibilbide gidatuak 10 euro balio du.