Alkateak kargua utziko du

Guaixe 2016ko uzt. 6a, 12:23

EH Bilduko udal taldea udala osatu berritan. Eskubitik lehena Rodriguez. Ezkerretik 3.a Azkargorta.

Gurutze Rodriguez Armendarizek Olatzagutiko EH Bilduko atzoko batzarrean alkate gisa dimitituko duela jakinarazi zuen. Koaliziotik jakinarazi dutenez, “karguari uko egiteko arrazoi nagusia bere egoera pertsonala da. Rodriguezek hainbat hilabete darama medikuaren bajarekin eta horrek alkate lanak egitea eragozten dio.” Olatzagutiko EH Bilduko batzarrak Mikel Azkargorta proposatu zuen Rodriguez alkate postuan ordezkatzeko.

EH Bilduko udal taldea berrantolatu beharrean dago. Izan ere, Rodriguezen aurretik Patricia Fernandez Ganuza zinegotziak dimisioa eman zuen. Koalizioak gehiengoa du udalean, 6 ordezkarirekin, UPNk bi ditu (Oscar Alvarez Peonek kargua utzi zuen) eta PSNk bakarra.

Batzar berean herrian Berdintasun Plana ezartzeko emandako urratsak azaldu zituzten. “Egondako zailtasunak azaldu eta berdintasun teknikari baten kontratazio iragankorrak sortutako akatsak aitortu ziren.” Aldi berean, Sakanako hainbat udal elkarrekin berdintasun teknikari bat kontratatzeko aukera aztertzen hainbat hilabete daramatela jakinarazi zen.



PSNren salaketa
Alderdi sozialistak Olatzagutian duen zinegotziak, Jose Maria Acerete Sanchezek Nafarroako Administrazio Auzitegian gora jotzeko helegitea aurkeztu du, udalaren jokabide bat salatzeko. Aceretek salatu duenez, kontraturik ez duen pertsona bati berdintasun gaietan udal aholkatzeagatik ordaintzen ari zaio. Sozialistak zehaztu duenez, alkatearen ebazpenen bidez egiten dira ordainketak, “nahiz eta idazkari kontu-hartzailearen erreparo txostenak egon arren.” Orain arte aholkulari horri bide horren bidez 19.000 euro baino gehiago ordaindu zaizkiola adierazi du Aceretek.

Zinegotzi sozialistak helegitean dioenez, “lan- edo funtzio-harremana behar lukeena erlazio profesionala ezkutatu dezake nahita edo nahi gabe.” Lan hori emateko udalak inolako deialdi edo lehiaketa publikorik ez duela egin gaztigatu du Aceretek. Horregatik, epaitegian egindako ordainketa agindu guztiak baliorik gabe uzteko eskatu du. Sozialistak esan duenez, hainbatetan saiatu da gaia elkarrizketaren bidez konpontzen. EH Bilduko alkateari gardentasun faltarekin aritzea eta diru publikoa zertara bideratzen den ez azaltzea leporatu dio. “Berdintasun gaietan ezin da arinkeriatan aritu.”