Aldekoa eta Goikoetxea hirugarrenak Espainiako Lur Gaineko Rallyan

Guaixe 2016ko ira. 8a, 08:47

Asteburuan Cerveran jokatutako rally itogarrian zortzigarrenak izan ziren

Bero itogarriarekin jokatu da, asteburuan, Cerverako Rallya, Espainiako Lur Gaineko Rallyrako baliagarria den proba. Bertan aritu dira Carlos Aldecoa Etxano pilotu nafarra eta Javi Goikoetxea Oraa kopilotua (Ford Fiesta R5). Jorge del Cid eta Nerea Odriozolak (Mitsubishi EVO X) irabazi zuten proba.
 “Oso rally gogorra izan zen, bero handia. Kopilotu batzuk erretiratu egin ziren beroagatik. Guk freno arazoak izan genituen eta zortzigarren postuan bukatu genuen. Hala ere, Espainiako Txapelketan hirugarren postuan jarraitzen dugu” adierazi digu Javi Goikoetxeak.

Espainiako Lur Gaineko Rally Txapelketako hurrengo lasterketa urriaren 7an eta 8an jokatuko da, Plasencian, Extremadurako Iparraldeko Rallya.

Garikoitz Flores bigarrena Valdezcaray igoeran
Asteburuan jokatu da 24. Valdezcaray igoera, Albatik, aldi berean Errioxako Mendi Txapelketa zena. 29 ibilgailuk lortu zuten proba despeditzea, eta lauk ezin izan zuten bukatu. Arkaitz Ordoki (BRC B49) izan zen azkarrena (4:48.185), Garikoitz Floresi 8 segundo aterata (4:56.180).