Kalte jarraituak eragiteagatik atxilotuta

Guaixe 2016ko ira. 13a, 20:30

Foruzaingoak jakinarazi duenez 28 urteko gizon olaztiar bat atxilotu zuen iraila hasieran. Era jarraian kalteak eragitea leporatu diote eta gaia Iruñeko 3. zenbakiko instrukzio epaitegiaren esku utzi du. Foruzaingoak zabaldu duenez, auzipetuak beste olaztiar baten autoan eta etxean kalteak eragin zituen, guztiak salatuak izan zirenak.  Foruzaingoak azaldutakoaren arabera, salaketetako batean salatzaileak kalean makil batekin zain zuen bat ikusi eta polizia deitu zuen. Haiek iritsi eta kaputxadun batek hanka egiten zuela ikusi zuten. Herritar berak, geroago, autoko lau gurpilak zulatu eta hura eta etxeko fatxada margotu zizkiotela salatu zuen.

Iraila hasieran, atzera ere, salatu zuen autoko lau gurpilak zulatu eta guztiz margotu ziotela, svastika bat barne. Foruzainek pintura fresko zegoela sumatu eta susmagarria izan zitekeen pertsonarengana jo zuten. Gertaerak ukatu zituen baina poliziek susmoa hartu omen zioten eta etxe ingurua zaintzen ari zirela gizonak etxetik pintura potea botatzen ikusi omen zuten. Margotzean ibilitako zabalera bereko brotxa bat atzeman zioten. Horregatik, atxilotu egin zuten.