Javier Goikoetxea eta Aitor Fernandez Calahorrako podiumean

Guaixe 2016ko ira. 22a, 15:06

Lur Gaineko II. Eremua Calahorra Hiria Rallyan txapeldunak izan ziren Carlos Aldekoa eta Javier Goikoetxea. Aitor Fernandez eta Iker Askargorta sailkapen orokorrean 8.ak sailkatu ziren eta bere mailan, 2RM mailan, hirugarrenak

Berri pozgarriak datoz Calahorratik. Irailaren 10ean Lur Gaineko II. Eremua Calahorra Hiria Rallya jokatu zen. Carlos Aldecoa pilotuak eta Javier Goikoetxea kopilotuak (Ford Fiesta R5) elkarrekin primeran moldatzen zirela erakutsi zuten beste behin eta proba irabaztea lortu zuten (22:22.600). Baina Goikoetxea ez zen izan podiumera igo zen sakandar bakarra. Aitor Fernandez pilotu eta Iker Askargorta kopilotu olaztiarrak ere protagonismoa izan zuten.

Aitor Fernandez pilotu olaztiarra (Seat Ibiza 2.0 16V) Errioxako Lur Gaineko Rally Txapelketan, Sportech Txapelketan eta Nafarroako Rally Txapelketan dabil buru-belarri. Denboraldi nahiko gogorra izaten ari da hau, matxurak direla eta ez direla zenbait proba ezin baititu bukatu. Baina Calahorran gustura geratu zen Fernandez, bere kopilotu Iker Askargortarekin batera podiumera igo baitzen, sailkapen orokorrean zortzigarrenak sailkatu (24:56.100) eta euren mailan, 2RM mailan, hirugarrenak izan eta gero. “Babesleak eta lasterketa guztietan laguntzen gaituzten zaletuei eskerrik onenak eman nahi dizkiet” adierazi du pilotuak.

Bestalde, larunbatean jokatutako Baños de Rioja VIII. Lur Eremuko Rallyan Carlos Aldekoa eta Javier Goikoetxea bigarrenak sailkatu ziren.

Goñi eta Aribe 13.ak Aramaion
Asteburu honetan 15.Aramaioko Rallysprinta jokatu da. Euripean, proba nahiko konplikatua izan da. Horren isla, 32 ibilgailuk lortu zuten proba despeditzea eta 20 erretiratu egin behar izan ziren. Azkarrenak Enrique Barrenetxea eta Anartz Onandia (Mitsubishi Lancer Evo IX) izan ziren (16:16.383). Etxeberriko Garikoitz Goñi pilotua eta Iñaki Aribe kopilotua (Renault Megane) 13.ak sailkatu ziren (18:07.948).