Urbasako igoerarako atzerakontua martxan

Guaixe 2016ko ira. 23a, 09:43

Argazkia: Peli.

Urriaren 1ean jokatuko da XXXVI. Urbasako Igoera, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako eta Mendi Igoeren Open Norte Sportech Txapelketetarako baliagarria izango dena

Egunak joan egunak etorri… berehala, aste eskas bat barru jokatuko da Sakana Motorsport taldeak Nafarroako Automobilismo Federazioarekin batera antolatutako XXXVI. Urbasako Igoera. Automobilismo proba beterano hau Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako eta Mendi Igoeren Open Norte Sportech Txapelketetarako baliagarria izango da eta, urtero moduan, ikusmin handia sortu du.

Izena emateko
Urbasako igoeran aritu nahi duten pilotuek gaur dute izena emateko azken eguna.
Horretarako www.fenauto.com web orrira jo beharko dute.

Errepidea bezperan itxiko da
Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean burutuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, Olaztitik Urbasako portua igo arte (5,72 km). Urriaren 1ean jokatuko da, hurrengo larunbatean. 13:30ean hasiko da entrenamenduen tanda, eta segidan lehenengo txanda eta bigarrena jokatuko dira. Proba bukatzerakoan sarien banaketa eginen da Clinker jatetxean.
Nabarmentzekoa da, segurtasunagatik Olaztitik Urbasara bitarteko errepidea bezperan, irailaren 30ean itxiko dela, ostiral gauean, 22:00etan. Hortaz, proba jarraitzeko Urbasara igo nahi duenak bezperan igo beharko du edo, bestela, egunean bertan Lizarra aldetik igo beharko da Urbasara.

Antolaketan laguntzeko deia
Tamaina horretako ekitaldi bat antolatzeak lan handia du atzean: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu… Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Guztia behar bezala lotzeko lanean dabiltza buru-belarri Sakana Motorsport taldekoak. Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Guaixe fundazioaren eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute, eta eskertuta daude taldeko kideak. Halaber, bakoitzak ahal duen heinean laguntza emateko eskaera egin dute antolakuntzatik, eta segurtasuna bermatzeko, hori baita antolatzaileen lehentasunetako bat, antolakuntzaren abisuak eta argibideak jarraitzeko deia egin diete motor zaleei. Asko bezperatik gaua pasatzera joango direla jakitun eta Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta, norberak bere zaborra jasotzeko deia egin dute Sakana Motorsportekoek, mendia zegoen bezain garbi eta txukun uzteko.

Zozketa
Urbasako Igoera antolatzeko diru aurrekontu handia behar da. Ekitaldiari babesa emateko, 5 euroren truke sarrerarekin batera jasotako esku-orrian zenbaki bat agertuko da eta automobilismoarekin lotutako sari bikaina zozketatuko da. Saritutakoaren berri Facebooken (Guaixe), Twitterren (@guaixe) eta Guaixe astekarian emanen da.