Nassiri eta Olazabal nagusi Olaztin luzatutako lasterketan

Guaixe 2016ko ira. 26a, 12:51

X. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketako proba laburrean Mikel Rubio irurtzundarra eta Igone Campos nagusitu ziren



Larunbatean jokatu zen Sutegi klubak Olaztiko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako X. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. 10 urteak ospatzeko eta lasterketa oraindik erakargarriago egiteko bi nobedade zituen probak. Batetik, ibilbidea luzatu zuten, 23 km-tik 26,33 km. Horrela, ibilbidea gogortu egin zen, desnibel gehiago baitzuen (1.833 metroko desnibel positiboa). Eta, bestetik, korrikalari gehiago erakartzeko, 16 km-ko ibilbide laburra (1.122 m desnibel +) prestatu zuten.

Korrikalari guztiak batera atera ziren, Clinker paretik. Guztira 147 korrikalarik hartu zuten parte, 95 proba nagusian eta 52 proba laburrean. Bi probek hasieran ibilbide bera zuten: Tontorraundi, Altsasuko portugain, Morterutxo, Zelai handi, Bargagain eta Morterutxo. Kadeteek, gazteek eta ibilbide motza aukeratu zutenek Olaztiko bidea hartu zuten, helmugara. Aldiz, ibilbide nagusikoek mendebaldera jo zuten, Egiburu igota Ziordiko portutik jarraitu eta Gainsolera igotzeko. Handik, gailurreria ekialderantz jarraituz, NA-7818aren Urbasako sarreraraino iritsi eta helmugarantz jaitsi ziren.

Laburrean Rubio eta Campos txapeldun
Ibilbide laburrean Mikel Rubio irurtzundarra (1:33:34) gailendu zitzaion Gorka Agirrezaldegi debatarrari (1:34:23). Raul Audikana olaztiarrak osatu zuen podiuma (1:34:26). Emakumezkoetan Igone Campos gipuzkoarra izan zen azkarrena (1:51:42). Zumarragakoak 3 minutu luze atera zizkion Izaskun Beunza olaztiarrari (1:55:18). Itsasne Galparsoro legazpiarra izan zen hirugarrena (2:05:41). Lehen promesa Aitor Mozo izan zen (1:36:54), lehen juniorra Asier Estarriaga (1:52:47) eta lehen kadetea Ander Orabengoa (1:58:35).

Katarain eta Beraza
Proba nagusian, aldiz, iaz Olaztin estreinatu zen Lhoucin Nassiri iritsi zen lehena helmugara (2:57:55). “Proba oso polita da, baina oso gogorra” nabarmendu zuen Logroñokoak. Minutu pasa atera zion Xabier Zarranzi (2:21:47). Aitor Arenaza izan zen hirugarrena (2:21:47). Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarra 5.a sailkatu zen (2:25:09) eta Jose Luis Beraza uhartearra seigarrena sartu zen, probako lehen beteranoa (2:28:09). Emakumezkoetan Alizia Olazabal beterano irundarrak irabazi zuen proba (2:57:55), Amaia Larreategi beasaindarraren (3:03:13) eta Montserrat Vazquez bilbotarraren (3:04:28) aurretik. Olazabalendako bere Olaztiko laugarren garaipena izan zen.

Olaztiko lasterketa, aldi berean, Nafarroako Mendi Lasterketen Banakako Txapelketa izan zen. Xabier Zarranz izan zen Nafarroako txapelduna, Jose Luis Berazaren eta sailkapenean 8.a sailkatu zen Joxeja Maiza etxarriarraren aurretik. Emakumezkoetan Beatriz Martinez izan zen txapelduna. X. Edizio honetan sariak ere potoloagoak izan ziren: 400 euro txapeldunendako, 200 bigarrenendako, 150 hirugarrenendako eta 100 laugarrenendako, ohiko trofeoekin batera.

Sakandarrak X. Olatzagutia-Urbasa Lasterketan
26 km
Gizonezkoak
1.Lhoucin Nassiri (Logroño): 2:20:40
5.Beñat Katarain (Lak-Zegama): 2:25:09
6.Jose Luis Beraza (Uharte): 2:28:09
8.Joxeja Maiza (Etx): 2:34:43
9.Ander Unzurrunzaga (Etx): 2:35:08
10.Josu Unzurrunzaga (Etx): 2:36:15
20.Fidel Jimenez (Etx): 2:46:06
22.Juanjo Goikoetxea (Uhar): 2:47:23
31.Fran Araña (Arb): 2:53:29
35.Gorka Acebes (Olaz): 2:55:15
46.Alberto Anton (Alts): 3:08:39
50.Aritz Pellejero (Lak): 3:13:38
51.Fermin Zornoza (Olaz): 3:14:43
54. Asier Leiza (Arb): 3:23:17
55.Iñaki Lacalle (Olaz): 3:23:43

Emakumezkoak
1.Alicia Olazabal (Irun): 2:57:55

16 km
Gizonezkoak
1.Mikel Rubio (Irur): 1:33:34
3.Raul Audikana (Olaz): 1:34:26
4.Aitor Mozo (Lak): 1:36:54
6.Alatz Agirre (Arb): 1:37:58
13.Xabier Urrestarazu (Etx): 1:51:21
16.Asier Estarriaga (Etx): 1:52:47
18.Eduardo Lezea (Olaz): 1:54:04
21.Ibon Ubeda (Etx): 1:55:20
22.Ander Orabengoa: 1:58:35
32.Jose Leitza (Arb): 2:08:00
38.Ander Gurmindo (Olaz): 2:23:02

Emakumezkoak
1.Igone Campos (Zumarraga): 1:51:42
2.Izaskun Beunza (Olaz): 1:55:18
4.Ginesa Lopez (Alts): 2:06:00
5.Erkuden San Martin (Etx): 2:07:14
7.Leire Palacios (Alts): 2:18:07
9.Silvia Perez (Alts): 2:23:52
10.Isabel Pozueta (Alts): 2:38:32
11.Marijo Arza (Alts): 2:38:32
12.Maite Zornoza (Alts): 2:38:32
13.Jone Pelaez (Alts): 2:38:32