Faboo, edo irudimenaren xarma

Guaixe 2016ko ira. 30a, 12:13

Domekan, 17:00etan, Olatzagutiko kultur etxean.

Fabook haur-arima du. Jaio da, ikusten duen guztiaren gaineko jakin-mina piztu zaio, jokoa eta beldurra deskubritu ditu, dibertigarria eta bihurria da, maitemindu egin da eta, maiteminarekin, samurtu egin da. Bere berezitasuna da bidoi bat duela buru eta, ondorioz, aurpegiaren espresioa guztiz neutroa dela. Hartara, ikusleak inkontzienteki enpatia sentitzen du pertsonaiarekin eta espresio falta hori bere emozioekin betetzen du; lotura oso motibatzailea sortuko da.

Keinu antzerkiko ikuskizun sinple eta adierazkorra da Faboo. Keinuen eta hotsen bidez komunikatzen da. Era goxoan, eta islatzen duen magia horrek ikuslea harrapatuko du. Gorputzaren eta ahotsaren bidez, bi antzezlek interpretatzen dituzte pertsonaia bera eta inguruko objektuak, gorputz batek espresatzeko eta komunikatzerako dituen aukera ugariak erakutsiz eta eguneroko espresioan ohikoak ez diren gorputz-zatiei arreta eskainiz. Escena Creativa konpainiaren antzezlana da.