Sakana Motorsport taldeak Olaztiko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatuta, 36. Urbasako Igoera jokatuko da bihar, larunbatean, 13:30etik aurrera. Proba beterano honek xarma berezia du motor zaleendako eta, urtero moduan, antolatzaileek zale asko espero dituzte. Igoerak Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa erabakiko du eta Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria da.
Errepidea 22:00etan itxiko da
Errepidea gaur, ostiralean, 22:00etan itxiko da. Hortaz, Olaztitik Urbasara igo nahi dutenek ordu hori baino lehenago egin beharko dute. Jakina da motor zale askok gaua Urbasan emango dutela, eta antolakuntzak argibideak errespetatzeko deia egin du. Bestela, bihar Lizarraldetik edo Araba aldetik sartu beharko dira Urbasara. Ibilbidean barna antolakuntzako kideak izanen dira, beharrezko argibide guztiak emateko.
93 pilotu
36. Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Txapelketarako eta Sportech Iparraldeko Mendi Openerako baliagarria denez, 10 kategoria ezberdineko ibilgailuek parte hartzeko aukera dute. Autoak Clinker aurreko futbitoko pistan egongo dira, parke itxian, eta asistentzia gunea Erburua kiroldegiko aparkalekuan egongo da.
Urbasako igoerak erakartzen du. Hori diote motor zaleek eta pilotuek. Aurreko urtean 92 pilotu lehiatu ziren eta antolakuntzak Urbasako maldetan eta Olaztin 9.000 zale bildu zirela adierazi zuen. Lasterketa oso estua izan zen eta, azkenean, Javier Villa pilotu asturiarra gailendu zen (BRC, 3:16.613). Garikoitz Flores laugarrena saikatu zen, lehen sakandarra. Aurten ere antzeko parte-hartzea izanen da, 93 pilotu baitaude izena emanda. Aurreko urteko txapeldun Javier Villa, Pantxo Egozkue, Arkaitz Ordoki, Joseba Iraola eta Garikoitz Flores dira, akaso, proba irabazteko faborito nagusiak.
Pilotu sakandarrak
Pilotu sakandarrak lanean izango ditugu bihar, Sakana Motorsport taldekoak guztiak. Tartean daude Garikoitz Flores (BRC B-49), Iker Palacios (BRC 05 Evo), Garikoitz Goñi (Renault Megane), Iban Lopez de Goikoetxea (R5 GT Turbo), Joseba Aldaz (Peugeot 205), Mikel Mendinueta (Peugeot 205 GTi), Iñigo Zelaia (BMW 325 E36) eta Aitor Fernandez (Seat Ibiza).
Nafarroako Txapelketan sakandarrak daude buruan
Olaztiko igoera Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketako azken proba baliagarria da, txapelketa erabakiko duena. Bihar erabakiko dira kategoria bakoitzeko sailkapenak. Garikoitz Flores eta Iker Palacios txapelketa orokorreko monoplazetan aurreko postuetan dabiltza, Mikel Mendinueta arbizuarra Nafarroako Junior Txapelketako lehen postuan doa, Iban Lopez de Goikoetxea FL kategoriako lehen postuan dago… Ea bihar zortea alde duten gure pilotuek eta Nafarroako podiumera igotzen diren.
5,72 kilometroko igoera
Olazti eta Zudaire arteko NA-718 errepidean jokatuko da proba, 38,050 km puntutik 32,220 km puntura. Hau da, 5,72 km izanen ditu, eta Olaztitik Urbasako portua igo arte jokatuko da. Ibilbideak bi zati dauzka. Lehenengo zatia irteeratik hasi eta "Salto de aguas" izenez ezagutzen den tokira artekoa da. Zati oso azkarra da, eta, akaso, ibilbideko bihurgunerik okerrena lehen zati horretan dago. Bigarren zatia, aldiz, teknikoagoa da. Bihurgunez betetako zatia da, gehienak ferra bihurguneak edo 180 gradukoak. Beraz, autoek abiadura moteldu beharko dute. Igoera auto indartsuendako egokia da. Izan ere, zati azkar asko daudenez, motor indartsua behar da.
Beti bezala, segurtasuna eta garbitasuna, funtsezkoak
Pilotuen eta ikusleen segurtasuna bermatzea da antolakuntzaren helburu nagusia eta horregatik, soilik zehaztutako guneetan kokatzeko eskaria eginen zaie Urbasara hurbilduko diren zaleei; debekatutako eremuetan ezingo da egon. Horretaz aparte, Urbasa-Andia natur parkea dela kontuan hartuta eta inguruarekiko errespetua adieraziz, antolakuntzak norberak bere zaborra jasotzea eskatzen du. Hortik aurrera, autoen ikuskizunarekin gozatzeko eta egun polit bat pasatzeko deia egin diete zaletu guztiei.
Antolaketa lan handia
Zaila da tamaina horretako ekitaldi bat antolatzea: baimenak lortu, segurtasuna lotu, dirua bildu … Aurrekontu handia behar da proba aurrera ateratzeko, aseguruak eta beste estaltzeko. Hori ongi dakite Sakana Motorsport taldekoek. Antolakuntzan Olaztiko Udalaren, Maisuenea gaztetxearen, Guaixe fundazioaren, Open Spirtechen eta hamaika komertzio eta babesleren laguntza izan dute.
Zozketa: Los Arcos eta Big Karting
Ekitaldiari babesa emateko, 5 euroren truke sarrerarekin batera jasotako esku-orrian zenbaki bat agertuko da eta automobilismoarekin lotutako sari bikaina zozketatuko da. Irabazleak, batetik, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituko pistan Kartingean aritzeko 10 minutuko 2 tanda jasoko ditu, eta, bestetik, Gasteizko Big Kartingean ibilgailu berezietan derrapeak egiteko 3 sarrera bikoitz. Saritutakoaren berri Facebooken (Guaixe), Twitterren (@guaixe) eta Guaixe astekarian emanen da.
Egitaraua
8:00etatik aurrera: Ibilgailuen egiaztapen tekniko eta administratiboak Clinker parean.
13:30ean: Entrenamendu ofizialak.
Segidan: Lasterketako lehendabiziko eta bigarren mangak.
Lasterketaren ondoren: Sailkapenak publikatu eta sari ematea, Clinker jatetxean.
Sariak
Scratch Sariak: (Txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro).
Scratch turismoak: (Txapeldunak trofeoa eta 200 euro, bigarrenak trofeoa eta 150 euro eta hirugarrenak trofeoa eta 100 euro).
Kategoriako sariak: Lehenek trofeoa eta 100 euro.
Pilotu junior nafar onena: trofeoa eta 100 euro.
Sakana Motorsport pilotuen sariak: Lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak trofeoa.