Fernando Urra, Master 35 mailako Espainiako Supermotard txapelduna

Guaixe 2016ko urr. 19a, 12:46

Larunbatean Alcarrasén jokatutako azken proban bigarrena izan zen olaztiarra baina txapelketa irabaztea lortu du

Larunbatean Espainiako Supermotard Txapelketako baliagarria zen azken lasterketa jokatu zen Lleidako Alcarrás zirkuituan. Master 35 mailan lehiatu zen Fernando Urra pilotu olaztiarra (Husqvarna 450).

Zirkuituan asfaltoak eta lurrak zuten tokia eta oso ibilbide konplexua zen osatu beharrekoa. Hiru tanda egin behar ziren. Lehenengo tanda hasterakoan hainbat pilotu lurrera erori ziren eta haiek saihestu eta gero, atzeko postuetan kokatu zen olaztiarra. Baina gutxinaka pilotuak aurreratzen hasi zen Urra eta, azkenean, bigarren postuan bukatu zuen olaztiarrak eta tanda horretan lortutako 20 puntuei esker sailkapen orokorrean lider kokatu zen, bigarren sailkatuari 57 puntu aterata. Horrela, txapelketa ziurtatuta zuenez, gainontzeko bi tandatan gozatzera atera zen Urra, aparteko presiorik gabe.  

Denboraldi guztian barna Husqvarna 450 motorra puntuan jartzeko egindako lanak fruitua eman du. Alcarrásen bigarrena sailkatuta, Espainiako Supermotard Txapelketako txapelduna izan da Fernando Urra, Master 35 mailan. Zorionak.