Sutegiren omenaldia Iosebari

Guaixe 2016ko aza. 17a, 10:30

Iturmendiko irristalariak Sutegi Irristaketa Taldeko 50etik gora irristalariei klasea eman zien eta klubak omenaldia egin zion

Oso pozik dago Sutegi Irristaketa Taldeko entrenatzaile Juli Acebes. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, ostiralean Erburua kiroldegian antolatutako jaialdia borobil-borobila atera zitzaien. Munduko irristalaririk onenen artean dagoen Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarraren bisita jaso zuten Sutegi Irristaketa Taldeko neska-mutikoak, eta liluratuta geratu ziren berarekin.

“Sutegitik Iosebari errekonozimendua egin nahi genion. Ioseba munduko irristalaririk onenetakoa da. Munduko txapelduna izan da eta pistako 200 metroko erlojupekoko errekorra berak du, beste lorpen askoren artean. Eta omenaldia egin nahi genion” azaldu digu Acebesek. Ekitaldia oso hunkigarria izan zen, Ioseba Fernandezek bere irristaketa hasierak Sakanan egin zituelako. “Urdiaingo eskolan hasi zen eta gero Altsasukora pasa zen. Nire ikasleetako bat izan zen, nire “haurretako” bat, maiteminduta naukana” gaineratu du entrenatzaileak, irribarrez. Izan ere, Sakanako irristalari gehienak trebatu dira Acebesekin, baina gutxik lortu dute Fernandezek lortutakoa. Eta iturmendiarraren lorpenak gogo biziz ospatzen ditu Julik.

Klase magistrala
Ioseba Fernandezek lehenik eta behin klasea eman zien Sutegiko neska-mutikoei. Eskolan 64 ikasle daude eta horietatik 50 baino gehiago bildu ziren Erburuan. Beroketa ariketak eta luzapenak egin zituzten Fernandezekin eta iturmendiarrak posturen azalpenak eman zizkien. Ondoren jokoak egin zituzten eta, jakina, Iosebarekin argazkia ateratzeko aukera ez zuten alferrik galdu. Bukatzeko, Sutegik oroigarria eman zion irristalari iturmendiarrari eta ondoren bere ibilbideari buruzko hitzaldia eman zuen Fernandezek, Sakanako bere hasieretatik abiatuta. Lortutakoen errepasoa eginda, egungo materialez ere mintzatu zen iturmendiarra eta bildutako jendetzaren galderak erantzun zituen. “Ekitaldia primeran joan zen, espero genuena baina hobe. Ioseba bezalako irristalari bikaina hemen izatea handia da gero” aitortu zuen Acebesek. Ioseba Fernandez ere eskertuta zegoela gaineratu digu Acebesek.

Egun Juli Acebes Olaztiko Sutegi irristaketa taldeko eta Urdiaingo Aitziber irristaketa taldeko entrenatzailea da. Ez du lehiaketako taldea prestatzen.