Maisuaren omenez

Guaixe 2016ko azaroaren 25a

Ricardo Lopez de Sabando, Olaztiko festen etxajua piztu baino lehen.

Olaztiko Sutegi pilota eskolako gurasoek eta Olaztiko Udalak Ricardo Lopez de Sabando omenduko dute bihar, 12:00etan, Olaztiko pilotalekuan

Jaiotzez arbizuarra baina ezkondu geroztik Altsasuko bizilaguna den Ricardo Lopez de Sabandok bizitza osoa eman du pilota sustatzen. Tartean, Olaztiko Sutegi pilota eskolako entrenatzaile lanetan 16-17 urte inguru eman ditu, astelehenetik ostegunera, neska-mutikoak trebatzen. 68 urterekin erretiroa hartu du, baina, nolanahi ere, Iñigo Aritza ikastolan oraindik ere txikienak pilotan trebatzen jarraitzen du.

Aurten utzi zuen Sutegiko ardura. Olaztiarrek bere esker ona festetan adierazi zioten, uztaileko Olaztiko Santa Ana festetako etxajua Ricardo Lopez de Sabandok jaurti baitzuen. Olaztiko festen etxajua piztu zuenean arbizuarra oso kontentu eta hunkitua zegoen. Sutegitik pasatako jende asko zuen gogoan, zendutakoak, Sutegiko jokalari, guraso, lagun eta monitoreak, San Migel elkarteko pilotarien lagunak, sarrerak saltzen zituztenak eta beste hamaika lagun. Pilotari lotuta jarraituko duela azaldu zuen, baina beste modu batean, eta Olaztiko pilota eskolan laguntza eskatzen badiote, laguntzeko prest dagoela gaineratu zuen.

Baina arbizuarrak arrasto handia utzi du eta Olaztiko pilota eskolako gurasoek eta Olaztiko Udalak biharko, azaroaren 26rako, omenaldi ekitaldia antolatu dute.

Pilota partida, omenaldia, eta beste
12:00etan abiatuko da ekitaldia, Olaztiko pilotalekuan. Lehenik eta behin Iturmendiko dantzariek emanaldia eskainiko dute. Ondoren, Ricardo Lopez de Sabandori omenaldia egingo zaio, sorpresaren bat tarteko, eta segidan Ricardorekin duela urte asko pilotan trebatutako pilotarien arteko partida izanen da. Zehazki, Zornozak eta Agirrek Flores eta Beunza izanen dituzte aurkari. Guztiek talde argazkia atera ondoren, eguna borobiltzeko Klinkerren bazkaltzera bilduko dira 70 pertsona inguru.

http://guaixe.eus/sakana/1469437904490
Olaztiko festetako suziria jaurti zuenean Ricardo Lopez de Sabandok Guaixerako egin zituen adierazpenak.