Aldekoa eta Goikoetxea Espainiako Rally Txapelketako bosgarrenak

Guaixe 2016ko aza. 30a, 13:17

Asteburuan Pozoblanco Hiria Rally gogorrean bosgarrenak sailkatu ziren eta Espainiako Txapelketa 5. postuan bukatu dute

Pozik, oso pozik egoteko hamaika arrazoi ditu Javi Goikoetxea kopilotu olaztiarrak. Ostiralean eta larunbatean IV. Pozoblanco Hiria Rallya jokatu zen, Espainiako Lur Gaineko Rally Txapelketarako puntuagarria zen azken proba. Eguraldiak berez gogorra den rallya are gogorrago bilakatu zuen eta pilotuek eta kopilotuek gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten. 53 autok bukatu zuten Pozoblancoko Rallya eta Alexander Villanueva pilotua eta Oscar Sanchez kopilotua (Citroên Ds3) gailendu ziren (1:01:10). Carlos Aldekoa pilotuak eta Javier Goikoetxea pilotu olaztiarrak (Ford Fiesta R5) sekulako lana egin zuten. Amortiguadore bat apurtu zitzaien, baina asistentzian konpondu ahal izan zuten. Bi eremu ezberdinetan bi kolpe izan zituen R5ak, atzealdean. Ondorioz, atzeratu egin ziren, baina lasterketa bosgarren postuan bukatzea lortu zuten Aldekoak eta Goikoetxeak (1:05:48). “Bosgarrenak baina pozik, oso rally zaila izan baitzen. Bi kolpe txiki izan genituen, lokatz pila zegoelako. Azkenean Espainiako txapelketan bosgarrenak izan gara, dagoen maila kontuan izanda, oso pozik egoteko modukoa” azaldu digu Goikoetxeak.

Espainiako Lur Gaineko Rally Txapelketarako 8 lasterketek puntuatzen zuten, Lorcan, Nafarroan, Curtisen, Bierzon, Cerveran, Extremaduran, Malagan eta asteburu honetan Pozoblancon jokatutakoak. Alexander Villanuevak eta Sanchezek irabazi dute rallya, eta Aldekoa eta Goikoetxea bosgarrenak sailkatu dira. Orain merezitako atsedena hartuko dute.