Giro bikaina Sakanako Herri Kirol Jardunaldian

Guaixe 2016ko abe. 12a, 15:23

Sakanako Herri Kirol Jardunaldian aritu zirenetako kirolari batzuk.

Olaztin burutu zen eta 35 herri kirolarik parte hartu zuten Mank-en urte bukaerako saioan

Olaztiko pilotalekuan ospatu zen, igandean, Sakanako Herri Kirol Jardunaldia. Sakanako Mankomunitateak antolatu zuen ekitaldia, Sakanako herri kirolarien eta Olaztiko Udalaren laguntzarekin, eta urtea lagun artean despeditzeko aitzakia bikaina izan zen.

Mank-ek sustatutako Sakanako Aizkora Eskolako aizkolariek eta Sakanako Harri Jasotze eskolako harri jasotzaileek ikasturtean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten. Horretaz gain, Sakanako aizkolariek, Sakanako trontzalariek eta Sakanako tiratzaileek ere hartu zuten parte ekitaldian.

35 kirolaritik gora aritu zirela aipatu digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak: 16 aizkolari –Josu eta Mikel Agirre, Hodei Mazkiaran, Joan Flores, Abel Uria, Iker Gorriti, Goizeder Beltza, Juanito, Juanjo eta Jon Erdozia, Josu Jaka, Oihan Mariñelarena, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide–, 3 harri jasotzaile –Albaro Zugarrondo, Jon Irañeta eta Iñaki Ibero– eta Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatako 12 tiratzaile eta 4 trontzalari, besteak beste. Horretaz gain, Sakanako Aizkora Eskolako monitore Mikel Lasartek motozerrarekin egurra tailatu zuen. “Pilotalekua ikuslez bete zen eta herri kirol erakustaldi ederraz gozatu zuten Olaztin bildu zirenak, Sakanako herri kirolarien eskutik. Belaunaldi ezberdinetako kirolariak aritu ziren eta herri kirolak gurean bizirik daudela erakutsi zuten” nabarmendu du kirol teknikariak.