Aralar mendia Ornitologia Elkarteak antolatuta hegaztien aurreneko erakustaldi eta truke jaialdia egin zen domekan. 9:00etatik 14:00ak bitartean jendea etengabe pasa zen Olatzagutiko udal pilotalekutik. Kantxan barna zabaldutako mahaietan Burgos, Soria, Errioxa, Iruñea, Gasteiz eta Gipuzkoako 39 erakusketarik euren hegaztiak ikusgai jarri zituzten: kanarioak, txorru arruntak, agaporniak, loroak, diamante de gul delakoak, jabea txolarreak, eta bestelako txoriak ikusi eta entzuteko aukera izan zen, bertakoak zein exotikoak.
Haiek hegaztiak saldu, trukatu eta topaketak erakarritako jendeari azalpenak eman zizkieten. Antolakuntzan ibilitako Sergio Floresek azaldu digunez, “garai honetan nik badakit ditudan hegaztietatik zein haziko dudan eta zeinek kendu nahi ditudan. Eta azken horiek dira halakoetan saltzera eramaten direnak”.
Floresek azaldu digunez, domekan hegazti truke eta salmenta handia egon zen. Alde horretatik, pozik zeuden antolatzaileak baita izandako bisitarien kopuruarekin ere. Beste elkarteetako kideak ere pozik zeuden, espero baino hazle gehiago opatu zituztelako eta antolakuntzarekin pozik. “Aurten bosgarren edizioa izan duen Langraitz Okan baino hobe dago, hemen frontoiak berogailua duelako eta han nork bereak eraman behar duelako. Baina, gainera, Olatzagutira hara baino hazle gehiago etorri dira”. Urtero errege egunaren ondoko domekan antolatzeko asmoa dutela esan digu Floresek, 2017an, apika, ilbeltzaren 14an izanen da.
Lekukotza
Burgosko txori hazle batek ziurtatu zigunez, “txoriak haztea dirua galtzea da”. 80 euroko balioa zuen Diamante de gul txoria 15 eurotan saltzeko prest zegoen. Burgostarrak azaldutakoaren arabera, “gustura ibiltzen naiz. Lekua behar da, baina arazoa da gero zer egin hainbeste txorirekin”. Ingalaterratik ekarritako txori batzuk zituen Olatzagutian: “zaletasun hau baduzu, bidaiatu behar zara, asko. Andaluzia oso egokia da txori asko baitaude, liburu asko irakurri behar dira ere genetikaz, beste ezagutzen artean, ikasteko eta ezagutzeko”. Diru asko gastatu omen ditu liburuetan.
Elkartea
Aralar mendia Ornitologia Elkarteak 2012an du sorburua. Urte hartan Almeriak Munduko eta Espainiako txapelketak hartu zituen. Ornitologian zaletuak hara joateko bidaia antolatu zuten eta bidaia hartan sortu zen elkartea eratzeko ideia. Irabazi asmorik gabeko elkarteak, ornitologia zaletasuna partekatu eta hura serioski eta era antolatuan sustatzeko helburua du. Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen Aralar mendiaren izena hartu zuten elkartearen izenerako.
www.soaralar.es
web orriaren bidez jarri daiteke elkartearekin harremanetan.