Ihote lan taldea sortu da

Guaixe 2017ko urt. 13a, 10:12

Gaur, 19:00etan, kultur etxean elkartuko da. Tailerrak eta hitzaldiak ere antolatu dira.

Olaztiarrek herri-ihotea berreskuratu zutela 25 urte bete dira aurten. Hori dela eta, Olatzagutiko Udalak herri osoa ihoteetan parte hartzera animatu nahi du, “gure herriko kulturaren zati garrantzitsu hau ezagutu, maitatu eta bizirik mantentzeko”. Horregatik, Ihote lan taldea sortu da eta aurreneko bilera gaur izanen du, 19:00etan, kultur etxean.

Olatzagutiko Udaleko Kultura Zerbitzuak herri-ihoteari begira bi tailer antolatu ditu. Bata, iratxo jantzia eta nesken kapela egiteko da. Jantzia egiteko udalak zakua jarriko du eta kapela egiteko norberak bere materiala eraman behar du. Bi txandatan eginen da familiei zuzendutako tailer hori: 9 urtetik beherako neska-mutilendako, ilbeltzaren 31n eta otsailaren 7an, astearteetan, 16:30etik 18:30era izanen da tailerra eta 9 urtetik gorakoendako saioak ostiraletan izanen da, otsailaren 3an eta 10ean, ordutegi berean. Akelarre ludotekan izanen da.

Beste tailerra Olatzagutiko Zortzikoa ikasteko izanen da. 13 urtetik gorakoek eman dezakete izena kultura@olazti.com e-postan edo 699 635 187 telefonoan (deia edo Whatsappa). Horretarako, hilaren 24ra arteko epea dute. Tailerra ilbeltzaren 28an eta otsailaren 11n izanen da, larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara, Sutegi gimnasioan.

Erakusketa
Herri-ihoteei buruzko argazki erakusketa ere antolatu nahi da. Horregatik, Kultura Zerbitzutik olaztiarrei argazkiak udaletxera eramateko gonbidapena egin die. Argazkiak udaletxean eskaneatu, digitalizatu eta momentuan bueltatuko dizkiete. Euren argazkiekin erakusketa osatu nahi dutenek otsailaren 10era arteko epea dute.

Hitzaldiak
Gure ihoteak ezagutzen izenburuko bi hitzaldi emanen ditu Adelaida Kintanak. Euskaraz, otsailaren 17an, ostiralean, 19:00etan. Gaztelaniaz hurrengo egunean ariko da, ordu berean. Biak kultur etxean.