Herri-inauteria pasa ondoren, hiri inauteriaren txanda izanen da biharkoa. Olaztiarrak koadrilaka mozorrotuko dira. Animatuenak mozorroen osagarri gisa gurdia ere prestatuko dute. Guztiak ere, areto-futboleko pistan elkartuko dira, eguerdi partean. Gurdi lehiaketan parte hartu nahi dutenek han bertan eman beharko dute izena. Mozorrotuen bilkurak kalejira koloretsu eta animatuari emanen dio segida.
Herrian barnako kalejiraren ondoren, mozorrotuen bazkaria hartuko du frontoiak. Bazkal ondorengoa Los Pasai txarangak alaituko du, 17:00etatik 19:30era. Haiek bukatu aurretik, 19:00etan, plazan disko festa hasiko da, 23:00etaraino iraunen duenak. Musika emanaldiaren etenaldi batean, 20:00etan, gurdi lehiaketako sariak banatuko dituzte. Dantzaldiak eta mozorro-parrandak ordu txikiak arte iraunen du.