Errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko astea

Guaixe 2017ko mai. 25a, 10:47

Asteartean hasi eta domeka bitartean izanen da eskolak, guraso elkarteak, udalak eta Mank-ek antolatuta.

Heldu den asterako errefuxiatuen inguruko egitaraua prestatu dute Olatzagutian. Domingo Bados eskola publikoan izan du ekimenak hasiera. Emma Martinez zuzendariak gogoratu zuenez, “duela urtebete ikastetxea Ikas Komunitatea proiektuan sartu zen. Eskola herrira ateratzea eta herria eskolara sartzea da Ikas Komunitatea. Eta bertan sortzen diren amets edo proiektu guztiak aurrera eramatea”.

Errealitate desberdinei erantzuna ematen saiatzen dira eta horretarako ikastetxeko komunitatea eta hainbat eragile biltzen dituen Ametsetako Batzordea sortu dute. Errefuxiatuen aldeko astean haietako batzuk zeuden: Mikel Azkargorta alkatea eta Virginia Alonso ludotekari eta kultur teknikaria, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzuko Bego Zestau eta Nahia Urkia, irakasleak, ikasleak edota gurasoak. “Talde misto aberats bat gara”.Proiektu desberdinen artean errefuxiatuen gaiari heltzea “ezinbestekoa” zen. “Halako errealitate bati ezin diogulako bizkarra eman. Oso kontzienteak izan behar dugu, eta gure ikasleak ere, munduan gertatzen diren gauzen inguruan. Eta, bestetik, herritarrak eta komunitatea garen aldetik ere”.

Asteaz
Lehen Hezkuntzako 6 mailako ikasleekin lanean hasi ziren. Zestau eta Alonsorekin batera hausnarketa egin zuten aurrena. Ikasleek beraiek aitortu zuenez, “oso hunkigarria izan zen. Aukera izan genuen argazki eta kontakizunen bitartez hango errealitatea ezagutzeko”. Ondoren, proposamenetarako tartea iritsi zen eta han sortu zitzaien bigarren eskuko azoka antolatzearena. Eskolako komunitateko kideak aste osoa daramate liburuak, jostailuak, arropa, zapatak, bitxiak eta bestelakoak eskolara eramaten. Baina ikasleek laguntza eske udalera eta dendetara ere jo dute. Gainera, astearteko hitzaldira joateko gonbidapena eginez, gutuna zabaldu dute herrian. Guztia aurrera ateratzeko ikasleek komunitateak emandako laguntza eskertu zuten.

Kulturartekotasun teknikari Zestauk azaldu zuenez, “munduko errealitate desberdinak garatzea eta munduko txoko desberdinetatik Olatzagutira etorritako pertsona desberdinekin harreman baikorra lantzea izaten da helburua”. Aurkeztutako ekimena zerbitzuaren helburuekin bat egiten duela azaldu zuen, gaineratuz: “mundua denona delako, bertan bizi garen pertsona guztiona. Munduan denak daukagulako kabida. Giza eskubideak unibertsalak direlako munduko pertsona guztiendako. Desberdinak bezain berdinak garelako eskubide zein betebeharretan”. Antolatutako astea errealitate anitzak aurrera eramateko dela azaldu zuen.

Udalaren izenean alkateak “guztia posible egin duten ameslariei” eskerrak eman zizkien, “Olatzagutia hobeago bat, mundu hobeago bat lortzeko egiten ari diren lan guztiagatik”. Proiektuak gizarte arloan duen garrantzia nabarmendu zuen Azkargortak: “beharrezkoa den sentsibilizazio kanpaina honen bitartez, gure mundu-kideekin eta gaizki pasatzen ari direnekin toleranteagoak izateko bidean jartzen gaituelako. Haiek jasaten dituzten errealitate bortitzak urrun gertatu arren, oso gertuko sentitzen ditugulako”.

Egitaraua
Maiatzak 25 eta 26, ostegun eta ostirala
9:00etatik 13:00etara eta 14:45etik 16:30era Material bilketa eskolan.

Maiatzak 30, asteartea
15:00etan Hitzaldia: ¿Qué está pasando en Grecia con las personas refugiadas? Memoria Historikoaren parkean. Hizlariak: Bego Zestau (Greziako kanpamentuetan boluntarioa) eta Abdul Raza (Siriako errefuxiatua).

Garagarrilak 2, ostirala
19:00etan Just People dokumentala eta CEARko eta Help-Nako kideekin solasaldia. Kultur etxean.

Garagarrilak 4, domeka
10:00etatik 14:00etara 2. eskuko azoka, San Migel plazan.
19:00etan Invisibles helduendako antzezlana. Trapalgán antzerki taldea.