Hamargarren aldiz Olatzagutiko Udalak pintura azkarreko lehiaketa antolatu du. Garagarrilaren 11n jokatuko da haurren (11 urtera arte), gazteen (12-15 urte) eta helduen (16 urtetik gora) mailetan. Lehiaketan ariko diren margolariek euren lana Olatzagutiko udalerrian egin beharko dute, gaia herria bera, ingurua eta jendeak direlarik. Horiek koadroan islatzeko edozein teknika erabil dezakete margolariek.
Parte hartze arauei dagokienez, margolariek koadroa egiteko erabiliko duten euskarria Olatzagutiko kultur etxean aurkeztu beharko dute lehiaketaren egunean, 8:00etatik 9:00etara. Han egiturari zigilua jarri ondoren, lanean has daiteke. Haurren mailan, berriz, antolatzaileek euskarriak 9:00etatik 10:00etara emanen dizkiete, toki berean. Lehiakideek euren lanak egun berean eman beharko dituzte kultur etxean, 17:00etatik 18:00etara. Eta 18:30erako lehiaketako epaia ezagutaraziko du udalak. Haurren mailan arte plastikoetako materialez osatutako hiru sari banatuko dira. Gazteen mailan, berriz, arte plastiko, argazkilaritza edo kirol materialetarako 150 euroko balea. Eta sari bera herriko aurreneko gaztearendako. Helduen mailan, azkenik, 500 euroko saria, 250 euroko akzesita eta aurreneko herritarrarendako 200 euro izanen dira.
Izen ematea
Udaletxeko bulegoan edo 948 562 446 telefono zenbakira hots eginez, astegunetan, goizez. Edo kultura@olazti.com e-posta helbidera idatziz, X. Pintura lehiaketa adieraziz. Lehiaketa egunean 9:00ak baino lehen eman daiteke izena ere. Haurren mailan garagarrilaren 8an, 14:00etan, despedituko da izena emateko epea. Argibide guztiak www.olazti.com web orrian daude.