Gure Esku Dagok estatus politikoari buruzko herri galdeketa antolatu du hilaren 18rako. Galdeketa “herriaren zerbait izan da, alkateak herriko ordezkari izan diren heinean iruditzen zaigu garrantzitsua zela galdeketa honen alde egitea. Horregatik, bulkatu dugu Gure Esku Dagoren galdeketen aldeko Olatzagutiako alkateen adierazpena”, azaldu zuten galdeketako antolatzaileek.
Egungo alkatearekin batera beste 11k udal arduradun izandakoek sinatu dute idatzia. Domekan aurkeztu zuten, baina denek ezin izan zuten presente egon. Ruben Garciak, gaztelaniaz, eta Mikel Azkargortak, euskaraz, irakurri zuten adierazpena. Hartan, sinatzaileek “sostengu osoa” adierazten diete hilaren 18an “Olatzagutian eta Nafarroako hainbeste herrietan egin asmo diren herri galdeketa guztiei”.
Horrekin batera 12 alkateek esaten dutenez, “aukera ezin hobea izanen da herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko. Elkarrekin etorkizuna eraikitzen lagunduko dutelakoan gaude. Beraz, animatu nahi ditugu Olatzagutiko eta Nafarroako herritarrok ariketa demokratiko hauetan parte har dezaten, gogoz eta ilusioz”.
Udal arduradunek gaineratu dutenez, “galdeketen antolaketa alde batera utzita, nafarron erabaki nahia agerikoa eta sendoa da. Nafarroa hobea, askea eta berdintasunezkoa lortzeko baliabide guztiak gure esku izan nahi ditugu. Azken batean, nafarrok burujabe izan nahi dugu eremu guztietan erabaki ahal izateko, gure hautuak eta erronkak aurrera eramateko”. Euren iritziz, “denoi dagokigu etorkizuna erabakitzea. Denon kontua da, eta denon artean eginen dugu. Gure Esku Dago”.
Sinatzaileak
Mikel Azkargorta (egungo alkatea), Lourdes Caro, Ruben Garcia, Iñaki Mentxaka, Blanca Arza, Luis Alberto Besga, Jose Manuel Armendariz (ekitaldian izan zirenak), Gurutze Rodriguez, Juan Zufiaurre, Epi Marin, Marcelino Galparsoro eta Jose Miguel Etxandia.