Nafarroako Kontuen Ganberak Olatzagutiko Udalaren 2015eko kontuak aztertu eta txostena osatu du. Han jaso denez, 2015ean udalak 1,8 milioi gastatu zuen, eta 2,2 milioi bildu. Musika eskolaren (erakunde autonomoa) diru-sarrerak 30.000 eurokoak ziren eta Erburua Olazti, SLrena (sozietatea) 180.000 euro.
Udalak jasotako 2,2 milioitik milioi bat zuzeneko zergak ziren, milioi erdia ohiko transferentziak eta beste milioi erdia udal tasak, ondare bidezkoa sarrerak eta komunalak. Gastuei dagokienez, langilerian 660.000 euro gastatu ziren, ohiko ondasun eta zerbitzuetan 620.000 euro eta ohiko transferentzietan 280.000 euro.
Ganberak dioenez, 2015eko kontuek ongi islatzen dituzte ondare egoera, aurrekontu kitapena eta finantza egoera. Legezkotasunaren azterketa ere udalaren aldekoa da, udal finantza jarduera legediaren araberakoa baita. Dena den, kontratazio guztietan zenbatekoren araberako prozedura beti zorrotz betetzeko eskatu dio udalari.