Olatzagutia, margolarien modeloa

Guaixe 2017ko eka. 9a, 11:40

Pintura azkarreko lehiaketa jokatuko da igandean, 9:00etatik aurrera.

Herrian gogoko tokia opatu, astoa jarri eta haren gainean koadro txuria. Eroso jarri, pintura kutxa zabaldu eta mihise gainean pintzela dantzatzen hasi. Halaxe eginen dute margolariek Olatzagutian etzi. Hamargarren edizioa du pintura azkarreko lehiaketak. Hiru mailetan jokatuko da lehiaketa: haurrak (11 urtera arte), gazteak (12-15 urte) eta helduak (16 urtetik gora). Azken bi mailetan ariko direnek kultur etxetik 8:00etatik 9:00etara pasa beharko dute eta han margotuko duten egiturari jarri beharko baitzaio. 9:00etan hasiko dira margotzen. Lanak kultur etxean 17:00etatik 18:00etara aurkeztu beharko dituzte. Haurrei dagokionez, igandean, 9:00etatik 10:00etara emanen dizkiete margotzeko euskarriak. 

Izen ematea gazte eta helduen mailan zabalik dago. Gaur, 14:00etaraino, udaletxeko bulegoan, 948 562 446 telefono zenbakira hots eginez edo kultura@olazti.com e-posta helbidera idatziz egin daiteke. Lehiaketaren egunean bertan, 9:00ak baino lehen ere. Informazio gehiago www.olazti.com web orrian dago.

Sariak
Haurren mailan arte plastikoetako materialez osatutako hiru sari banatuko dira. Gazteen mailan, berriz, arte plastiko, argazkilaritza edo kirol materialetarako 150 euroko balea. Eta sari bera herriko aurreneko gaztearendako. Helduen mailan, azkenik, 500 euroko saria, 250 euroko akzesita eta aurreneko herritarrarendako 200 euro izanen dira.