Artaxoari lekukoa hartu eta Nafarroako topaketaren bigarren edizioa hartuko du Olatzagutiak
Elizetako kanpaiak jotzen dituztenen topaleku bihurtuko da Olatzagutia. Euren artean jotzeko moduak partekatu eta senidetasun eguna pasatzeko antolatu dute topaketa. Jakina, haien jarduna entzun eginen da.
Eguerdi aurretik izanen da, Ziordira eta Urbasara begiratzen duten bi ezkila handiak eta Altsasura begira dauden bi txikiak jotzen dituztenean.
35 bat ezkila-jole nafar elkartuko dira topaketan, tartean Arruazu, Lakuntza, Iturmendi, Urdiain, Altsasu eta Olatzagutia berekoak. Jardunaldiak balioko du duela urte batzuk birgaldatu zen Santa Ana ezkila bataiatzeko (besteak Maria izena du). Mª Camino Santesteban izanen da ama-pontekoa eta Gerardo Lopez de Goikoetxea aita-pontekoa.
Herriko ezkila-jole taldeak laukote batek osatzen du: Anjel Herrerok, Orestes Lacallek, Jesus Solasek eta Javier Arguelles. Azken hori gainontzekoek ezin dutenean jotzen ditu elizako ezkilak. Domeketan mezarako deia egiten dute, 11:45ean. Biharko topaketa antolatzean arduratu dira eta heldu den urterako lekukoa beste herri batek hartzea espero dute. Joan den urteko Artaxoako topaketan Ihabar, Arruazu, Lakuntza, Altsasu eta Olatzagutiko ezkila-joleak izan ziren.
Egitaraua
10:30 Gosaria, Vicente Argomaniz plazan.
11:30ean Gonbidatuetako ezkila-jole batzuk errepika joko dute.
12:15ean Koldo Arteagaren hitzaldia, kultur etxean.
12:45ean Elizarainoko desfilea erraldoi eta buruhandien konpartsarekin eta txistulari eta gaiteroekin.
Ondoren, Pako Beloki apaizaren ongi etorria, Santa Ana ezkilaren bataioa eta aurreskua.
13:30ean Pintxoak ezkaratzean.
14:00 Poteoa taberna eta elkarteetan.
15:00 Bazkaria, Vicente Argomaniz plazan.