Altzaniaren magalean dago itur bedeinkatua, edo batueko iturria. Haren ingurua izanen da olaztiarren San Juan ospakizunen gunea. Larunbat goizari Burundar Txistularien kalejirak jarriko dio doinua, 10:30ean hasita. Herriari deia egin eta gero, San Migel plazatik iturrirantz abiatuko dira. Bi km pasatxo ibili eta gero iturri ingurura iritsi eta 11:00etan gosaria izanen da elkartu diren guztiendako. Horren ondoren koadrila bakoitza bere bazkaria prestatzen hasiko da eta mahaira 14:30 aldera eseriko dira. La Cigarra txaranga 17:30ean jotzen hasiko da eta haren doinuak olaztiarrak mahaitik jasoko ditu. 19:00etan sardin jana egin ondoren, herriko bidea hartuko dute olaztiarrek.
Itur bedeinkatuko ura berezia da, bai usainarengatik bai zaporearengatik; gatz mineral asko eta amonio, sodio eta materia organikoen kontzentrazio handiak ditu. Ura erortzen den tokia zuri-zuri dago, kaltzio eta magnesio sulfatoen prezipitazioen ondorioa da. Aspaldiko erromeria tokia da olaztiarrendako. Garai batean San Juan bezperan han elkartzen ziren, inguruan suak piztuz eta iturriko urarekin prestatutako txokolatea jaten zuten. Azaleko gaixotasunen bat zuenak edota erreuma zutenek gorputza lohiarekin igurtzi edo ur horrekin garbitzen zuten.
Hori bihar izanen da, gaur jubilatu elkartearen eta gaztetxearen ondoan eta Sarasate plazan su bana piztuko direlako eta olaztiarrak haien gainean saltoka ariko dira.