1.Noiztik datorkizu ezkilak jotzeko zaletasuna?
Txikitatik. Garai haietan sakristauek jotzen zituzten ezkilak. Sakristauen lanak egiteaz gain, ezkila-joleena ere egiten zuten, egunero errosariorako deitzeko ezkila jo, elizako erlojua puntuan jarri, plantxa batekin elizako ostiak prestatu… denetarik. Ni sakristauarekin igotzen nintzen kanpandorrera. Beranduago, ezkila-joleak hasi ziren; hauek ez ziren sakristauak. Felix Razkin lakuntzarra zen horietako bat, ezkila-jole ona, eta hortik etorri zitzaidan zaletasuna. Baina igandero-igandero ezkila-jolearen ardura duela 8 urte inguru daukat, aurreko ezkilajotzaileak, Patxi Imaz eta Felix Razkin, hil zirenetik.
2.Zenbat ezkila daude Olaztin?
Bi handi, Maria eta bataiatu berri duguna, Santa Ana, eta bi txiki, angelikak deritzogunak, jirabiratzen direnak. Ezkila handiak nik jotzen ditut eta txikiak, angelikak, Jesusek eta Orestesek birararazten dituzte.
3.Ondo edo gaizki jo duzuen esaten al dizuete?
Bai, komentatzen digute. Batzuetan esaten digute: “zeinen errepike ona gaurkoa…” eta pozik jartzen gara, handitu egiten gara (kar kar). Eta adarra jotzeko ere esaten digute “gaurkoa, bueno…” Badakizu, lagun arteko txantxak.
4.Noiz jotzen dituzue ezkilak?
Igandero, mezara deitzeko. Baina bihar (ekainak 18, aurreko igandea) galdeketa eguna da eta Gure Esku taldetik eskatu ziguten ea goizeko 9:00etan errepike bat egingo genukeen, galdeketara deitzeko. Eta gu, prest eta oso gustura. Hiru errepike egingo ditugu, hiru toke ezberdinekin: galdeketara deitzeko, mezara deitzeko eta corpus eguneko prozesiorako. Horretaz gain, norbait hiltzen denean hil-kanpaiak jotzen dira.
5.Zergatik bataiatzen dira ezkilak?
Ez nizuke esanen zergatik. Ohitura kontua izango da. Olaztiko Maria ezkilean ezkilaren aita-pontekoen izenak grabatuta daude, 1860 urtean. Gutxienez ordutik dator ezkila, joan eta bila noiztik… aintzinako zerbait da.
6.Ezkila-joleen elkartea duzue?
Orain egin behar dugu, Artaxoakoekin. Bi urte daramatzagu lanean. Aurreko urtean ezkila-joleen topaketa Artaxoan egin genuen, eta aurten Olaztin. Eta hemen egiten zenez, Santa Ana ezkila bataiatzeko aprobetxatu dugu. 50 ezkila-jotzaile bildu gara gaur, 50 urtetik gorakoak, gehienak gizonak eta emakumeren bat baita ere. Artaxoan ezkilak jirabiratzen dituzten emakumeak badaude. Guztiek jo dugu. Olaztin gizonak gara. Ea zortea dugun eta gutxinaka gazteak ezkila-jole sartzen diren. Gaur edonork ezkilak jotzeko aukera izan du eta haurrek, emakumeek, gazteek… ederki gozatu dute.
7.Zer da ezkila zuretzat?
Gure ondare kultural bat, zoragarria dena. Ezkila-deia edo ezkila-tokeak asko esaten du, duela ehunka urtetatik datoz toke hauek. Duela 300 edo 400 urte pobreen musika ziren ezkilak. Ezkilen doinuekin dantzatzen zuten. Gauza askotarako egiten zituzten ezkil-deiak, gauza guztietarako, hobeto esanda. Ezkilek asko esaten dute, hizkuntza bat dira, komunikatzeko beste modu bat, txalaparta eta halako instrumentuak bezala. Komunikatzeko forma bat zen eta da.
8.Izango duzu ezkilei lotutako pasadizo bereziren bat…
Duela bi urte Ordiziko mutil bat etorri zen, ezkila-joleaz galdetzen. Hasieran pentsatu nuen “izango da ezkilak gogaitzen dituen norbait”, elizako erlojuko ezkilengatik bateonbat kexatu izan baita. Baina gure lana eskertzera etorri zen. Gauza da onddoen bila etorri zela mendira, eta ibilean ibilean mendian galdu egin zela. Telefonoa etxean ahaztu zuen. Larritzen hasi zenean, estualdi horretan, bat-batean ezkilak entzun zituen, eta ezkil-hotsak jarraituz, gutxinaka, atera eta autobia ikustea lortu zuen. Zerua zabaldu zitzaiola aitortu zidan. Eta eskerrak ematera etorri zen.
9.Sakanan ezkila-jole bikainak daude.
Bai, eta Tomas Ganboa arruazuarra da Sakanako onena. Guk baino errazago egiten ditu errepikak, berez ateratzen zaizkio. Kontrakantoak eta bestelakoak bikain egiten ditu.
10.Erreleborik baduzue? Nolakoa da ezkila-joleen osasuna?
Herri batzuetan ez dago erreleborik eta beste batzuetan itxaropena badugu. Olaztin badaude egun batzuk jendea gerturatzen dela kanpandorrera, eta uste dut, gutxinaka, norbait batuko zaigula. Gaurko topaketan nahi izan duten guztiek ezkilak jotzeko aukera izan dute, oso gustura egon da jendea eta ea norbait gurekin gelditzen den. Ziordian ere taldetxo bat bildu nahi dute errepikea egin ahal izateko. Baikorra naiz eta uste dut lor daitekeela.
11.Noiz eta non egingo duzue hurrengo topaketa?
Ez dugu zehaztu. Artaxoako Jose Javier da gauza horietaz arduratzen dena eta berak esango digu, aurrerago, non bilduko garen hurrengo aldian. Ezkilak jotzeko, gogoa da garrantzitsuena. Horretaz gain, orduekin eta beste txintxoa izan beharra dago, igandero ezkilak jo behar baitira.