Gaztetxokoa ekarriko dute aurrekontuek

Guaixe 2017ko uzt. 7a, 10:22

Ezohiko diru sarreren faltagatik %11,05 txikitu da udalaren aurrekontua, baina eskaintzen dituen zerbitzuei eutsiko die. Udazkenerako martxan jarriko da gaztetxoko zerbitzua. Akelarre ludotekaren egoitza erabiliko da horretarako.

Aurten Olatzagutiko Udalak 1.704.100 euroko aurrekontua izanen du Mikel Azkargorta Boal alkateak esan digunez, "nahiz eta diru sarrera gutxiago izan, aurrekontua mantentzen saiatu gara. Lortzeko malabareak egiten egon gara". Ahalegin horretan "irizpide sozialeko partidak, dauden zerbitzuak mantentzen" saiatu dira eta inbertsioetarako ez da diru askorik gelditu: 143.380 euro.

Azken horien artean daude herriko arkitektura oztopoak kentzeko lanen beste fase bat. Eskolako irisgarritasun lanen azken fasea ere aurten eginen da (50.000 euro). Joan den urtean ezin izan zen, baina aurten Erburua kiroldegiaren ondoan autokarabanendako gunea eginen da (3.000 euro).
Udako kontratazioak (igerilekukoak, festetako garbiketa, haurren aisialdi programakoak) mantendu dituzte eta egindako diru-laguntzen eskaerek zein erantzun duten jakin ondoren kontratazio gehiago egin edo ez erabakiko dute. Obren lantaldea indartzeko hiru kontratazio egin dira eta beste bat baso lanetarako.

Inbertsioak
Toki Azpiegituren Planaren laguntza deialdira udalak eskolako irisgarritasun faseko azken lanak, energia aurrezteko argiteria publikoan Led teknologia jartzea (12.000 euro), Inguraketa kaleko arkitektura oztopoak kentzeko lanak eta udaletxeko begiratokia berritzea (10.000 euro). Onartuak izanez gero milioi erdi inguruko inbertsioak lirateke.

Aurrekontuan beste inbertsio hauek aurreikusi dira: kaleen konponketa (20.000 euro), bideen konponketa (10.000 euro), makineria berria erostea (10.000 euro), konponketak hilerrian (5.000 euro), kultur etxean hobekuntzak (4.250), liburutegia hornitzea (3.000 euro), udaletxeko telefono zerbitzua (3.230 euro), informatika gailuak (2.000 euro), hiri altzariak erostea (2.000 euro) eta ludotekarako tresneria (900 euro).
Udazkenerako gaztetxokoa izanen dute Olatzagutian. Ez da espazio berririk egokituko eta ludoteka erabiliko dute. 12 eta 17 urte arteko gaztetxoak bi begiraleren ardurapena egotea aurreikusi du udalak. Bestetik, musika eskolaren aurrekontua 32.600 eurokoa da. Erburua enpresa publikokoa, berriz, 178.870 eurokoa.

Erregionalisten kritika
UPNko zinegotziak aurrekontuen kontra azaldu ziren, “interes abertzaleei lehentasuna eman eta gizarte desberdintasunen kontra borrokatzeko eta genero indarkeriaren kontra egiteko udal ekintzetarako bideratutako diru saila erdia murriztu dutelako”. Hala adierazi zuen erregionalistek Olatzagutian duten bozeramaileak, Javier Fernandezek.

Korrika, Nafarroa Oinez, Sustrai Erakuntza fundazioa eta Udalbiltzari emandako diru-laguntzak beste sailetara bideratzea proposatu zuen. Erregionalisten eledunak kritikatu zuen aurrekontuak aztertzeko hiru egun besterik ez zituztela izan eta parte-hartze aurrekonturik ez izatea.