Olaztiko San Migel festekin bat jokatuko da, ohi bezala, XI. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, Sutegi klubak Olaztiko Udalaren eta hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatuta. Aurreko urtean martxan jarritako berrikuntzak arrakastatsuak izan zirenez, aurten ere bi ibilbide prestatu dituzte: ibilbide nagusia (26,33 km, 1.838 metroko desnibel +) eta ibilbide laburra (16,04 km, 1.122 m desnibel +).
Ibilbideak
Korrikalari guztiak, ibilbide luzekoak eta motzekoak, goizeko 9:00etan abiatuko dira Clinker paretik. Zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Bira gorabeheratsua egingo dute ondoren, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890 m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera helduko dira (1.153 m), atzera ere Morterutxora heltzeko. Kadeteek, gazteek eta ibilbide motza (16,04 km) aukeratu duten korrikalariek helmugarako bidea hartuko dute, eta ibilbide nagusia aukeratu dutenek, aldiz, mendebaldera jarraitu eta lehenik Egiburu gaina igo beharko dute, handik Ziordiko portua hartu arte jarraitu eta hau igo ondoren Gainsoilera (1.068m) iritsi. Hortik aurrera eta gailurreria ekialderantz jarraituz, NA-718aren Urbasako sarreraraino iritsi eta bertatik helmugarainoko jaitsiera hartuko da.Ibilbidean 4 denbora kontrol puntu izanen dira, Tontorraundin, Bargagainen, Larratxipin eta Gainsolen, eta edaria eta janaria hartzeko guneak, Eskaladan, Morterutxon, Zelai Handin, Itsasian eta Tontortxon. Horretaz aparte, osasun laguntza ere izanen dute puntu estrategikoetan.
Aipatzekoa da korrikalariek euren dortsalak gaur, ostiralean (16:00etatik 19:00etara, Erburua kiroldegian) eta bihar, larunbatean (goizeko 7:00etatik 8:30era, irteera puntuan) jaso ahalko dituztela.
Aurreko urtean 147 korrikalari aritu ziren guztira, 95 proba nagusian eta 52 laburrean. Proba nagusian Lhoucin Nassiri (2:20:40) eta Alizia Olazabal (2:57:55) gailendu ziren, eta, laburrean, Mikel Rubio irurtzundarra (1:33:34) eta Igone Campos gipuzkoarra (1:51:42). Biharko, momentuz 44 korrikalari daude izena emanda proba nagusian eta 37 proba laburrean.
Sari potoloak
Bukaeran auzate ederra izango da. Korrikalari guztiek opari poltsa jasoko dute eta Urbasako 10 gazta zozketatuko dira guztien artean. Horretaz aparte, sari potoloak prestatu dituzte helmugan, 13:30ean, abiatuko den sari banaketa ekitaldirako. Proba nagusiko txapeldunek, gizonezkoek eta emakumezkoek, 400 euro, garaikurra eta txapela jasoko dute, bigarrenek 200 euro eta garaikurra, hirugarrenek 150 euro eta garaikurra eta laugarrenek 100 euro. Lehen beteranoek 75 euro eta garaikurra eramango dituzte, eta lehen promesek garaikurra. Proba laburrean, txapeldunek, bigarrenek eta hirugarrenek opari poltsa jasoko dute eta lehen juniorrek eta kadeteek garaikurra.