Badosen lana Bilbon ikusgai

Guaixe 2017ko urr. 4a, 19:11
Erakusketan jarritako eskultura batzuk. Argazkia: Carreras Mugica galeria.

Anjel Bados eskultore olaztiarrak Bilboko Carreras Mugika galerian erakusketa ikusgai du. Para ambos lados de la frontera izenburua du erakusketak, pasa den asteazkenean mustu eta abenduaren 12ra arte ikusgai izanen dena. Eskulturak sortzeko oihala, egurra, harria, kartoia, plastikoa, kristala, metala eta inprimatutako hainbat irudi erabili ditu. Materialen eta formen arteko jokoan sortutako obrak dira, formatu ertain eta txikikoak. Gehienak galeriako espazio zabalean, lurrean jarri ditu, eta gutxi batzuk paretan. Bakarka edo multzokatuta, elementu desberdinen elkarrizketaren bidez espazioa okupatu, eraldatu edo eraikitzen dituzten egiturak sortu ditu.  

Bados Arte Ederrak ikasi zituen Madrilgo San Fernando Errege Akademian, eta eskultura espezialitatean lizentziatu zen 1973an. Valentziako eta Bilboko Arte Ederren Fakultateko irakaslea izan zen, besteak beste. Txomin Badiolarekin batera, eskultura tailer batzuk eman zituen Artelekun 1994tik 1998ra, eta eragin handia izan zuen euskal artisten belaunaldi oso batengan, horietako batzuk oso garrantzitsuak baitira egungo panorama artistikoan. Haren obra hainbat museo eta bildumatan dago jasota, besteak beste: Caixa de Pensiones Fundazioa, Bartzelona; Arte Garaikidearen Museoa, Bartzelona; Juan March Fundazioa, Madril; Arte Ederren Nafarroako Museoa, Iruñea; ARCO Fundazioa eta Arte Ederren Museoa, Bilbo.